euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hasiak dira jadanik Comodoro Rivadavia hirian Immigrantearen Eguna ospatzeko ekitaldiak

2016/09/06

Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeko txikiak ‘Komunitate Atzerritarren Jai Nazional’eko Umeen Jaialdian
Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeko txikiak ‘Komunitate Atzerritarren Jai Nazional’eko Umeen Jaialdian

PUBLIZITATEA

Irailaren lehenengo egunetan eman diote hasiera Chubut probintzia argentinarreko Comodoro Rivadavia hiriko kolektibitateek ‘Komunitate Atzerritarren Jai Nazionala'ren 29. edizioari. Festaren programa Dantza Emanaldiarekin eta Umeen Jaialdiarekin hasi zen eta Sukaldaritza Azokarekin bukatuko da, datorren asteburuan. Comodoroko Euskal Echea (sic) elkarteko kideek, proposamen gastronomikoekin batera, dantzak ere aurkeztuko dituzte. 93 urterekin, Patagoniako euskal elkarte zaharrena da Euskal Echea.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Comodoro Rivadaviako Komunitate Atzerritarren Elkarteak antolaturik, irailaren 3an hasi da aurten ‘Komunitate Atzerritarren Jai Nazionala’ izeneko jaia. Bi asteburutan zehar luzatuko den ekitaldia hiriko Azoka Gunean gauzatuko da eta 23 gizatalde bilduko ditu hainbat proposamenetan partaide.

Datorren asteburuari dagokionez, publikoari gehien gustatzen zaion aktibitate bat baitaratuko du: Azoka Gastronomikoa. Ostiral arratsaldean inauguratuko da eta bertan euren plater tipiko eta arrakastatsuenak eskainiko ditu kolektibitate bakoitzak. Urtero egiten duen legez, Euskal Echea elkarteko lagunek euren standa izango dute Azoka Gunean eta bertan piperrada, pintxoak, txistorra eta edateko zurrakapote eta kalimotxoa salduko dituzte.

Baina sukaldaritza ez da izango jaiaren protagonista bakarra. Izan ere gizataldeetako dantza taldeek ere protagonismo nabaria izango dute jaialdian. Euskal Echea euskal etxeko Haize Dantzariak taldeko helduak hiru egunetan aurkeztuko dira eszenatoki nagusian. Txikiek eta ertainek, berriz, igandean taularatuko dituzte pieza batzuk.

Gau-emanaldia eta Umeen Jaialdia

‘Komunitate Atzerritarren Jai Nazional’aren 29. edizioa pasa den asteburu honetan hasi zen, arrakasta handia izan ohi duten bi ekintzekin. Eta Euskal Etxeko dantzariek partaidetza handia izan dute bietan. Larunbateko gau-emanaldian helduek eurek sortutako koreografia bat dantzatu zuten; txiki eta ertainek, irakasleak lagun, Arku Dantza, Makil Dantza eta Zinta Dantza taularatu zituzten.

Aipatzekoa da Jaiaren aurreko ekintzak abuztuan egin zirela. Alde batetik, Komunitate Atzerritarren erregina hautatzearren kolektibitateek euren hautagaiak aurkeztu zituzten. Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak Johana Endrinal aurkeztu zuen. Beste alde batetik, abuztuaren 28an "Inmigrante Pionero Patagónico" izeneko desfilea egin zen. Gainerako banderekin batera, kabalkadan ikurrina ere partaide aireratu zen, Euskal Etxeko gazteei esker.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia