euskal diaspora eta kultura
2010/04/28
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urtez urte euskal partaidetza zabalduz doa Argentinako hiriburuan egiten den Liburu Azokan. Pasa den igandean, hain zuzen, euskal ekitaldiek Gernikako bonbardaketa oroitu zuten FEVAren eskutik, Federazioak eta Juan de Garay Fundazioak altxatutako standean. Arratsaldeko bostetan, Buenos Airesko Eusko Ekintzaren Dantza Taldeko Mauro Urangak Aurreskua dantzatu zuen Juan Ignacio Saez eta Marianela Riminiren txistuaren laguntzaz. Ondoren, Aurreskuaren beste bertsio bat ikusi ahal izan zen, baina oraingoan Aitor Alava dantzari.
[Buenos Airesko Eusko Ekintzaren Dantza Taldeko Mauro Uranga (argazkia EuskalKultura.com)]
Gernikan gertatutako basakerien oroigarri, FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. “Gernika --Durango, Otxandiano eta Elgeta bezala-- herriska bukoliko bat zen, baina euskaldunentzat ikurra eta bandera ere bazen. Lege zaharren eta euskaldunen eskubideen sorleku eta eredu; eta hizkuntza, kultura eta lurra bera daukatenen herria. Hori dela eta Mola generalak esan zuen: Ezinbestekoa da ideia nazionalari aurre egiten dion herri galdu horretako hiriburua suntsitzea. Baina Haritza eta Arima osorik segitzen dute Gernikan”, adierazi zuen Basterrak
[Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeko zuzendaria, Aitor Alava (argazkia EuskalKultura.com)]
Euskal liburu berrien aurkezpenak
Gaur, Azokako Javier Villafañe Aretoan eta arratseko 5:30etan, Juan de Garay Fundazioko kideek lau liburu aurkeztuko dituzte: alde batetik, Jorge Bullosa arkitektoaren “Juan de Garay, el Primer Urbanista del Río de la Plata” eta “Don Pedro y Don Juan: Mendoza y Garay"; eta beste alde batetik, Carlos Garaycochearen “Humor Vasco”.
Argentinako Udako Euskal Unibertsitateak ere ikasleen idazlanak aurkeztuko ditu. Enrique Aramburu proiektuaren arduradunak “2009 eta 2010ko Udako Euskal Unibertsitateko idazlanak” liburuei buruz hitz egingo du ekitaldi horretan.
Bestalde, apirilaren 30ean, arratsaldeko 3etatik aurrera “Ellos lo hicieron”en egileak, María del Pilar Uribeondok, bere liburuaren aleak sinatuko ditu euskal standean. Standean aurkitu ahal izango da "El Planeta Azul", Lapridako Lagunen Etxea-ren laguntzarekin argitaratu zen nerabeek egindako liburua.
Hizkuntza-Irakaskuntzaren XIII. zikloa
Azokaren testuinguruan, HABEko Euskara Munduan programaren arduraduna den Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak hitzaldi bat emango du. “Hizkuntza ikasi eta irakatsi. Euskararekin on-line egindako esperientzia” izeneko mintzaldia maiatzaren 5ea izango da, goizeko 10:15ean, Domingo F. Sarmiento Aretoan, pabililoi zurian.
Lotura Interesgarriak
HABE, Helduen Euskalduntze Institutua
www.habe.euskadi.net
Juan de Garay Fundazioa
www.juandegaray.org.ar
Liburu Azokaren Webgunea
www.el-libro.org.ar
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus