euskal diaspora eta kultura
2009/05/23
PUBLIZITATEA
Bakersfield, Estatu Batuak. Hilabete honen hasieratik inauguratua da Estatu Batuetan euskal festen 2009ko sasoina. Maiatzeko lehenengo asteburuan Kaliforniako Fresnoko euskal piknika izan ondoren, joan den asteburuan Los Banos-ek berea ospatu zuen. Los Banosera bildutako ehundaka jendeek bero itzela izan zuten lagun berezi. Egunaren hasieran, euskal piknik tradizionalen ohiko mezaren txanda etorri zen, Jose Javier Idoyaga apezaren eskutik, eta ondoren festari ekin zitzaion, Fresno Basque Club-ek antolaturik aurten 46. edizioa bete duen urteroko hitzordu honetan.
Aire zabaleko ekitaldiak, Far West-eko euskal ohiturei jarraiki, barbakoa moduko bazkaria bildu zuen, Euskal Etxekoek prestatua, ilara luze batean lortzen zen menuak honako osagaiak zituela: arkume txuletak, indabak (babarrunak edo ilarrak, beste euskalki batzuetan), entsalada, bildoski egosia, gazta, ogia eta ardoa. Esan beharra dago, antzeko menua, aldaketa txikiren batekin (haragian behi haragia ere ipinita, esaterako), errepikatzen dela udako gainerako piknik edo euskal festetan.
Egunean zehar, euskal klubeko dantza taldeak aritu ziren, ume tipi eta gaztetxoetatik, gazte helduetaraino. Ateratzen den diruaren zati batekin, beka batzuk eskaintzen dizkie Euskal Etxean institutuan ikasten ari diren euskal komunitateko gaztetxo batzuei. Azkenekoan, Courtney Yriarte eta Chris Pon izan dira onuradun, Dos Palos Hign School-en, eta Sean Arbelbide, Los Banos Hign School-en.
Los Banos-eko euskal jaia joan den asteburuan izan bazen, asteburu honetan Bakersfield-eko Euskal Etxeari, Kern County Basque Club-i dagokio. Ekitaldiak, larunbat eta igandez garatuko dira, pilota arloan, Europatik ekarritako pilotariak tarteko, hala nola Aspe enpresako Pedro Eulate, Fernando Goñi III, Jon Apezetxea eta Alberto Ongay. Betiko legez, programa polita osatu dute Bakersfield-en, aurtengoan Boiseko Amuma Says No euskal taldearen musika alegrantzia ipintzen. Bakersfield-eko asteburu honetako programaren berri osatua, hemen.
Baina maiatzekoekin, hasi besterik ez du egin Estatu Batuetako udako euskal jaien egutegiak. Soilik hitzorduetako nagusienak aipatzearren, ekainean etorriko dira Nevadako Winnemucca, Kaliforniako Thousand Oaks-Ventura County eta San Frantzisko, Utah-ko Salt Lake City eta Idahoko Homedaleko piknikak. Uztailean, Nevadako Elkokoa, Kaliforniako South California Basque Club-ena Chinon, Idahoko Gooding-ekoa, eta Renokoa, azken hau aurten NABO Biltzar bihurtua, eta beraz tamainaz eta edukiz handiagoa [emango dugu egun batzuk barru honi buruzko berri zehatzago].
Uztail amaieran, Boiseko Oinkari dantza taldeak berez 2010ean beteko den bere 50. urtebetetzeko ospakizun-urteari ekingo dio. Abuztuko lehenengo asteburuan, Boiseko San Inazio (sic) euskal jaiak izango dira, Nevadako Gardnervilleko Euskal Jai eta Kantari Eguna, Washington estatuko euskal piknika Seattle-n, Idahoko Mountain Home-koa, Wyoming-eko Buffalo eta Rock Springs-ekoak, Nevadako Battle Mountain-ekoa, abuztuko 29-30ean berriz San Frantziskoko Euskal Etxearen Festa (aurten aurreratua, NABO pilota txapelketarekin bat)... Iraileko lehenengo asteburuan Kaliforniako Chinokoa eta Marin-Sonoma-koa (San Frantzisko iparraldean)... Urrian Las Vegas-ekoa eta Rocklin-ekoa, azken hau baita kluba orain urte gutxi sortu zenetik AEBetako euskal jai sasoina ixten duena. Xehetasun batzuk, NABOren eskutik, hemen.
Lotura interesgarriak
'Amuma Says No'
http://www.myspace.com/amumasaysno
Pierre Igoa, Bakersfield-eko diseinatzaile euskal amerikarra
http://www.pierrefx.com
Pierrek diseinaturiko euskal murala
http://www.pierrefx.com/mural/index.html
Urte batzuk igaro nituen Renon eta oso interesgarria iruditzen zait artikulua. Egutegi polita, aurtengoa ere.
Inazio, 2009/05/25 09:31
Datorren aste honetan argitaratuko dugu artikulu bat aurtengo Renoko jaialdiko xehetasunak ematen. Aurreratuko dugu jaialdi berezia izango dela, Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegiak lankidetzan antolatua. Urte berezia da Reno-Sparks-eko jaialdiaren 50. urteurrena betetzen baita, NABO jaialdien 30. urteurrena, Renoko Zenbat Gara taldearen 20.a...
EuskalKultura.com-eko erredakzioa, 2009/05/25 00:11
Gehiago jakin nahi nuke Renoko jaialdiaz
Pantxika Agirre, 2009/05/23 15:16
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus