euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Harrera ezinhobea egin dio Mountain Home-k, Idahon, Korrika-ri, estatura iristen zen lehenengo aldian

2011/04/21

Joan den asteburuan Korrika 17an parte hartu zuten norbanako eta familien argazkia, bertako 'Basque Park'eko Ikurrinaren muralaren ondoan, lasterketa abiatu baino minutu batzuk lehenago
Joan den asteburuan Korrika 17an parte hartu zuten norbanako eta familien argazkia, bertako 'Basque Park'eko Ikurrinaren muralaren ondoan, lasterketa abiatu baino minutu batzuk lehenago

PUBLIZITATEA

Tipi-tapa eta erritmoari tamaina harturik, lehenengo aldiz iritsi da azkeneko igande honetan Korrika AEBetako Idaho estatura. Estatuko hiriburura ere, beranduago iritsiko da, hilaren 30ean. Harro errezibitu dute, beraz, Mountain Home-ko euskaldunek, ohore hau. Bost bat kilometro egin zituzten euskararen alde, bertako 'Euskal Lagunak' antolatutako ekitaldian. Partaideen arteam adin guztietako pertsonak, umeak, helduak zein gazteak. Lasterketaren ondoan, famili giroko piknika egin zen. "Korrika hemen egin dugun lehenengo urtea izan da, eta pozik gaude, erantzun polita jaso dugu", azaldu diote Euskalkultura.com-i antolatzaileek.

Mountain Home, AEB Joan den igandean heldu da Korrika, euskararen aldeko martxa herrikoia, Idahoko lurretara. Apirilaren 17an izan da, Euskal Herrian, bi mila eta gehiago kilometro egin ondoren, Donostiako helmugara iristen ari zen egun berean. Estatu Batuetan, Boise hiriburutik ordubete eskas ekialdera dagoen Mountain Home-n, bertako 'Euskal Lagunak' Euskal Etxeko kide eta euskaltzaleek antolatu eta errezibitu dute lasterketa, AEBetako txoko honek, Europako euskaldunekin bat euskararen alde egiteko nahia eta borondatearen erakusgarri.

Korrika 17, Euskal Herrian, bi astez ibili bada euskararen lurraldea zeharkatzen, Estatu Batuetan San Frantziskoko Golden Gate zubi ezagunaren inguruan egin zuen lehenik joan den larunbatean edizio honetako bere lehenengo ibilbidea, San Frantziskoko euskaldun talde baten eskutik, orain, astebete geroago, Mountain Homera iristeko, leku bakoitzean tokiko 'euskalakarien' lanari esker. Hemendik, eta apirileko azkeneko asteburuan, apirilaren 30ean, Boisen egingo den Korrika herrikoiarekin amaituko ditu aurtengo ospakizunak, Estatu Batuei dagokienez.

Hirurogeita hamar bat pertsona bildu ziren Mountain  Home-ko Basque Park-era, Korrikan parte hartzeko. Izen-ematea eguerdiko hamabietan hasi zen eta ordubietarako jendea prest zegoen beroketak eginda lekua hartzeko abiatze-lerroan. Abiatu aurretik astia eman zien talde-argazkia egiteko, non eta Mountain Home-ko Basque Park-eko Ikurrinaren muralean. Esan beharra baitago, herri idahotar honek parke, Basque Park, bihurtu zuela duela urte batzuk bere frontoi historikoa eta ingurua, berdegunearen erdian artzainen karrokanpo bat ezarriz, eta haren ondoan Ikurrinaren itxura duen horma edo mural bat, bertako euskaldunen presentzia historikoaren eta herriarekiko ekarpenaren aldarri. Azken honen ondoan egin zen, beraz, Korrikako argazkia, historikoa hau ere nolabait, hau izan baita Korrika Idahon egin den lehenengo aldia.

Korrikalariek --euskalakariek esan behar-- Basque Park-etik atera eta hiru bat milia-ko (bost bat kilometro) zirkuitoa egin ondoren heldu ziren berriz ere abiapuntura. Batzuk oinez, besteek korrika, edateko, ura eta, jateko, bihia eta bananak izan zituzten ibilbidea egiten galdutako energiak berreskuratzeko berrindargarri, hau guztia Euskal Lagunak-eko kideen eskutik eta arratsaldeko laurak arte, orduan ekin baitzitzaion programak iragarritako piknikari, parte hartzaile ziren norbanako eta familiek ekarritako jaki eta edariak partekatuz, hemen 'potluck' esaten zaion moldeari jarraiki. Horiekin batera, Mountain Home-ko Euskal Etxeak txorizoak prestatu zituen bertaratutakoentzat. Arrakasta, giro polita, euskara euskaldunen biltzaile.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia