Laprida, Argentina. Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxearen ateak zabal-zabalik ireki ziren joan den larunbat ilunabarrean, EEa antolatzaile duen 2023ko Elkarrizketa Zikloko saioetako hirugarrenera bildutako entzule ugariei harrera egiteko. Zikloa apirilaren 22an estreinatu zen, Delfina de Vegak Mariana Dominé kantaria elkarrizketatu zuenean; maiatzeko hitzorduan, berriz, Negrita Ugalde Liliam Rostanekin solastu zen. Eta hirugarrenean, ekainaren 19an, elkarrizketatua Gabriel Monferato bertako idazlea izan da. gaia "Gure herriko kaleak" izanik eta elkarrizketatzailea EEko lehendakari Eduardo "Lalo" Torry.
Bere parte hartzean Gabriel Monferatok bereziki aipatu ditu “bertako heroiak”, hots, herriaren alde zerbait gogoangarria egindako Lapridako egoiliarrak, kaleei beren izenak jarrita omenduak izan zirenak. “Euskal deituradunekin hasi gara, bistan da, Ugalde, Arrouy, Noemi Henderson de Bahurlet eta halakoekin, eta konturatu gara emakume gutxi daudela. Baina hau erabat aldatzen ari da” azaldu dio EuskalKultura.eus-i Lapridako Euskal Etxearen bazkide sortzaile eta egun diruzain den Monica Azpiazuk.
Orain arte arrakasta handiz egindako hiru elkarrizketa saioen kartelak
Proposamenak harrera polita sortu du herritarrengan. Irudian, bigarren elkarretaratzea
Aurrekoen ildotik, hirugarren ekitaldiak ere jendetza polita bildu du, berrogeita hamar bat lagun, horien artean Alfredo Irigoin intendente ohia, Euskal Etxeko biziarteko bazkide ere badena, eta hiriko egungo intendente Pablo José Torres. Elkarrizketa amaitu ondoren, bildutakoek pintxoak eta 'oilasko kazola bizkaitar erara' partekatu dituzte, Lagunen Etxeko Euskal Sukaldaritza Taldeak maitasunez egindako afaria. “Oso topaketa animatua izan da, ederra” aitortu du bozkario ezkutaezinez Monica Azpiazuk.