Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, Best European Fiction 2016 bilduman Harkaitz Cano euskal idazlearen idatziak argitaratu dituzte. Antologia honek Europako idazleen lanak ingelesera itzulita argitaratzen ditu eta hizkuntza gutxituei eta literaturaren aniztasunari garrantzi berezia eman ohi dio. Aurtengo bilduma 29 idazleren lanek osatzen dute eta Jon Fosseren hitzaurrea du.
Hautatutako euskal lana “Harkaitz Cano & Andoni Aduriz. From: Mugaritz B.S.O.” testua da. Mugaritz jatetxe entzutetsuko sukaldariaren eta idazlearen arteko proiektu kolektiboaren emaitza da: Canok testuak idatzi zituen Adurizen platerak –askok artelantzat jotzen dituztenak- laguntzeko. Amaia Gabantxok horietako hiru itzuli ditu, eta errezetekin batera argitaratu dira Best European Fiction 2016 lanean.
Bilduma honen bitartez, idazle eta lan berriak ezagutzera ematen zaizkio nazioarteko irakurlegoari zein kritikariei, ingelesezko itzulpenetan. Europar fikzioa bizirik eta indartsu dagoela frogatzen du duela bost urtetik hona argitaratzen den liburuak eta gainera, herrialde txikietako lanei bultzada berezia ematen die, askotan hizkuntza handienen itzalpean geratzen baitira.
Ikusi bildumak barneratzen dituen lan guztiak hemen.