euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Harkaitz Canok, Miren Agur Meabek eta Rikardo Arregik poesia irakurraldia egingo dute urtarrilaren 14an Vienan

2007/12/26

Harkaitz Cano idazle eta poeta
Harkaitz Cano idazle eta poeta

PUBLIZITATEA

Euskal literatura munduratu eta beste herrialdeetan ezagutzera emateko makina bat lan egiten ari dira idazle eta aditu asko azken urteotan. Bide horretan hiru aste barru Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe eta Rikardo Arregi idazleak Austrian izango dira, Viena hiriburuan hain zuzen ere, euren poesiak irakurri eta 'Montañas en la niebla' poesia antologia aurkezteko. Cervantes Institutuaren egoitzan izango da irakurraldia eta eurekin batera Jon Kortazar kritikoa eta liburuaren koordinatzailea egongo da.
Euskal literaturak erakuslehio berria izango du datorren hilean Europan, Harkaitz Canok, Miren Agur Meabek eta Rikardo Arregik Vienan egingo duten irakurraldiari esker. Hitzordua urtarrilaren 14ean hiriburu horretako Cervantes Institutuaren egoitzan (Schwarzenbergplatz 2) izango da. Idazleon lanak 'Montañas en la niebla' poesia antologian agertzen dira 90. hamarkadako euskal poesiaren egile berritzaileen artean, eta liburuan bildutako hainbat lan irakurriko dituzte.

'Joan den apirilean mintzaldi bat eman nuen Vienako Cervantes Institutuan eta antologiako poema batzuk aurkeztu nituen bertan, Salzburgeko Literatur und kritik aldizkarirako alemanera itzulita genituela profitatuz', azaldu dio EuskalKultura.com-i Kortazarrek berak. 'Institutuko zuzendariak oso gogoko izan zituen eta idazleekin irakurraldi bat antolatzea proposatu zidan'. Vienara Arregi (Vitoria-Gasteiz, 1958), Cano (Lasarte, 1975) eta Meabe (Lekeitio, 1962) bidaiatuko dira. Cervanteseko arduradunen esanetan hiru egileok 'euskal poesiaren ordezkari ezagunenetakoak dira, Mikel Lasa, Bernardo Atxaga edo Felipe Juaristirekin batera. Arregiren lana Auden edo Pessoaren poesiarekin lotu dute batzuk eta estetizismoa eta klasikotasuna uztartzen ditu. Canok bere poemei kutsu narratiboa ematen die, batzutan epela, bestetan gordina; eta Meaberen poemek hizkuntza idatziaren mugak hautsi nahi dituzte gorputzen sentsualitatea islatzen duten aipamenekin'.

'Zinez originala'

'Montañas en la niebla' (editorial DVD, 2006) liburua 90 hamarkadako euskal poesia antologia bat da, Jon Kortazar euskal literatura garaikideko aditu eta Euskal Herriko Uibertsitateko katedradunak bildua. Edizioa elebiduna da --euskaraz eta gazteleraz-- eta 'estilo zein gaietan aberatsa' den poesia biltzen du, 'zinez originala eta gaur egun mendebaldeko lirikan lehen mailan dagoen indarra duena', Kortazarren aburuz. Liburuan agertzen diren poetak 90. hamarkadan euren lana osatu duten egileak dira: Rikardo Arregi, Karlos Linazasoro, Juanjo Olasagarre, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe.


Lotura interesgarriak

Liburua internet bidez erosteko aukera bat
ojanguren.ojanguren.com

‘Montañas en la niebla’, 90. hamarkadako euskal poesiaren antologia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko martxoaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia