euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe idazleak Guadalajarako Liburu Azokan izango dira, Etxepare Institutuarekin

2012/11/22

Harkaitz Cano, Mari Jose Olaziregi, Aizpea Goenaga eta Mikel Ayerbe aurkezpenean (argazkia Etxepare)
Harkaitz Cano, Mari Jose Olaziregi, Aizpea Goenaga eta Mikel Ayerbe aurkezpenean (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Larunbatetik aurrera euskal literaturak ordezkaritza zabala izango du Guadalajarako Liburu Azokan, Mexikon, Euskal Editoreen Elkarteak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu dituzten ekimenei esker. Berta izango dira Harkaitz Cano idazlea eta Mikel Ayerbe literatur aditua, euren azken lanak aurkezteko: "Twist" eleberria eta "Our Wars. Short Fiction on Basque Conflict" ipuin bilduma, hurrenez hurren. Abenduaren 1ean Mexiko Hirirako bidea hartuko dute eta hitzaldiak emango dituzte UNAMen (Universidad Autónoma de México) eta Universidad Iberoamericana Ciudad de México delakoan, Etxeparek bertan sustatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzen baitan.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak atzo aurkeztu zuen Donostian aurtengo Guadalajarako Liburu Azokan egingo dituen euskal literaturaren hedapenerako jarduerak. Larunbatetik abenduaren 2ra bitartean izango dira Etxepareko ordezkariak azokan, Euskal Editoreen Elkartearekin elkarlanean. Bertara gonbidatu dituzte Harkaitz Cano idazlea eta Mikel Ayerbe EHUko irakasle eta literatura aditua, euskal literaturaz aritzeko.

Canok "Twist" eleberria --aurtengo Euskadi Literatura Saria-- aurkeztuko du, eta Ayerbek "Our Wars. Short Fiction on Basque Conflict" ipuin bilduma, Renoko Unibertsitateak argitaratua, ingelesez. Bilduman euskal idazle ezagunek euskal gatazkari eta XX. mendeko beste gatazkei buruz idatzitako ipuinak biltzen dira; egileak Bernardo Atxaga, Inazio Mujika Iraola, Ramón Saizarbitoria, Iban Zaldua, Jokin Muñoz, Eider Rodriguez, Xabier Montoia, Arantxa Iturbe, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Ur Apalategi, Aingeru Epaltza eta Joseba Gabilondo dira.

Ikasleekin topaketak

Azokaren egitarauaren barruan hainbat jardueratan parte hartuko dute Canok eta Ayerbek. Hasteko, azaroaren 27an eta 28an Guadalajarako bigarren hezkuntzako lau ikastetxetan izango dira, bertako ikasleekin euskal literaturaz mintzatzeko, ECOS de la FIL izeneko programan. Azaroaren 28an, euskal literatura eta gure errealitate politikoari buruz jardungo dira azokan “Literatura vasca y conflicto político” mahai-inguruan.

Azokatik kanpo ere egingo dira zenbait ekitaldi: azaroaren 27an Guadalajarako Casa ITESO Clavigero kulturgunean egingo den “Literatura y violencia: la cara vasca y la mexicana” mahai-inguruan parte hartuko dute, mexikar adituekin eta Etxepareko Euskararen Hedapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregirekin batera.

Mexiko DFra

Azoka abenduaren 2an amaituko da, baina abenduaren 1ean Mexiko DFen izango dira idazleak. Hiriko Gasteiz liburudendan euren liburuak aurkeztuko dituzte eta “Literatura vasca después de Gernika” solasaldia eskainiko dute. Ondoren, Etxepareren euskara eta euskal kultura irakurletzak eskaintzen dituzten bi unibertsitatetan ikasleekin bilduko dira, UNAMem (Universidad Autónoma de México) eta Universidad Iberoamericana Ciudad de México delakoan.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia