euskal diaspora eta kultura
2013/09/13
PUBLIZITATEA
Amsterdam, Herbehereak. Zirimiri Press argitaletxe holandarrak Harkaitz Cano idazlearen "Norbait dabil sute-eskaileran" poema liburua argitaratu du berriki neerlanderaz, eta bihar egingo du aurkezpen ofiziala, "Read my World" jaialdiaren baitan. Edizioa elebiduna da, jatorrizko euskaran eta neerlanderan, eta itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren sostengua izan du.
Zirimiri Press Amsterdamen sorturiko argitaletxea da eta hizkuntza gutxiagotuetako liburuak neerlanderara itzuli eta holandar irakurleei ezagutzera ematea da bere helburua. Henrike Olasolo eta Cristina Richarte dira argitaletxearen sortzaileak.
Harkaitz Canok eta Maite Larburu kantaria aurkeztuko dute liburua bihar; literatura, musika eta pintxoak uztartuko dituen ekitaldian. Ingelesez eta euskaraz egingo da ekitaldia.
Buenos Aireseko Liburu Azokara
Herbereetako ekitaldiaren ondotik, irailean beste zenbait aurkezpen eta irakurraldi egingo ditut Canok. Hilaren hondarrean, Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan (FILBA) parte hartzeko. Aurten azokak Argentinako mugak gainditu egingo ditu, lehen aldiz, eta Buenos Airesen eta Txileko Santiagon egingo da.
Irailaren 29an Buenos Aireseko Museo de la Lengua-n egingo den mahainguruan parte hartuko du eta ondoren irakurraldia egingo du MALBA-n (Museo de Arte Latinoamericano de Buenos Aires). Biharamunean Santiagon izango da Cano eta "Melodía desencadenada" mahainguruan parte hartuko du, Nicanor Parra liburutegian. Lau idazle eta kantari bat bilduko dira bertan, euren bizitza markatu zuen abestiei buruz solasteko. "Idazle bakoitzak kantu bat aukeratu behar du eta gero haren inguruko testu bat irakurri. Mikel Laboaren "Gaberako aterpea" aukeratuko dut", azaldu dio Canok EuskalKultura.com-i. Txiletik bueltan, zuzenean Poloniara joango da Cano, Wroclaw hirian zenbait aurkezpen egiteko.
Harkaitz Cano (1975) idazle, gidoilari eta zutabegilea da. Euskal literaturako idazle ezagunenetakoa gaur egun, 1994an argitaratu zuen bere lehen lana, Kea behelainopean bezala poema liburua. Harrezkero, poesia, narrazio laburrak, eleberriak, kronikak eta entsegua jorratu ditu. Iemand loopt op de brandtrap (Norbait dabil sute-eskaileran) neerlanderara itzulitako lehen lana du.
Harkaitz Cano idazleari buruzko informazio gehiago, www.harkaitzcano.com webgunean.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus