Bartzelona, Katalunia. Munduan zehar sakabanatuta dauden beste euskal etxe askorekin konparatuta, Euskal Herritik gertu samar egoteak abantaila ematen dio Bartzelonako Euskal Etxeari euskal kulturgileen artean arrantza egiterakoan lorpen emankorragoak eskuratzea erraztuz. Gertutasun hori, geografikoa ezezik, bestelakoa ere bada, eta ez da harritzekoa, esaterako, Bartzelonako egutegi horrek ekitaldi kopuru esanguratsua euskaraz eskaintzea, biba zuek. 2024-25eko ikasturte hasieran, ‘Zikló’ kultur programa aurkeztu du Euskal Etxeak, gehienetan Euskal Herritik propio etorritako artistak partaide. Estreinua, Asier Gogortzaren erakusketarekin heldu zen irailaren 28an; eta Ibon RG eta Garazi Navas-en ikuskizunari esker.
Asier Gogortza nafarrak Hariztia bere proiektua aurkeztu zuen. Hariztia erakusketan eta izenbereko liburuan, Bera eta Urruña herrien arteko mugan Gogortzak berak landatutako hogeita zazpi ezkur eta haritzen historia jasotzen du artistak. Euren aldetik, Ibon RG eta Garazi Navas musikarien Iaquin Vahu kontzertu ikuskizunean, Bernat Etxepareren 1945eko Linguae Vasconum Primitiae liburuko poemak hartzen dituzte oinarri bi artistok.
Asier Gogortza (Bera, 1976) argazkilaria 'Hariztia' proiektua Bartzelonako Euskal Etxean aurkezten
2024ko Zikló
Bartzelonako Euskal Etxeak datozen bi hilabeetan eskainiko dituen proposamenak:
Urriaren 18an, ostirala, 19:30ean
Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel bere liburua aurkeztuko du. Sarrera doan
Urriaren 19an, larunbata, 12:30ean
Polen argitaletxeak ‘mintzaldi-bermut’ batera gonbidatzen du Jokin Urain idazlea solaskide. Urain Txomin Iturberen biografiaren idazlea da eta Fermin Munarriz kazetaria izango da ekintzaren aurkezlea. Santi Eizagirreren musika ere entzun ahal izango da. Sarrera doan
Urriaren 25ean, ostirala, 21:30ean
Ezezez banda bizkaitarraren kontzertua. Sarrerak, 11€ - 15€
Urriaren 27an, igandea, 12:30ean
Euskal drag jaia Maitetxu Mia eta Yogurinha Borovarekin. Euskaraz. Sarrerak, 10€
Azaroaren 8an, ostirala, 20:30ean
Ruper Ordorikaren kontzertua. Sarrerak, 11€ - 15€
Azaroaren 9an, larunbata, 21:30ean
Anari abeslari azkoitiarrak eta bere taldeak Giza Zarata diskoa aurkeztuko dute. Sarrerak, 12€ - 15€
Azaroaren 10ean, larunbata, 12:30ean
Maialen Lujanbiok 'RR' performancea aurkeztuko du. Entremes artistikoa Març Rabal artista bisualaren esku. Euskera. Sarrerak, 5€
Azaroaren 23an, larunbata, 13:00etan
Zuzenean, 'Yoko Ona' podcasta, Ainhoa Vitoria aurkezle eta Ainhoa Marzol, Olatz Salvador eta Judit Neddermann gonbidatu. Euskaraz. Sarrera doan.
20:15etan, Antton Telleriak Ninini bere monologoa taularatuko du. Euskaraz. Sarrerak, 10€ - 13€
- Euskal Etxearen webgunea, https://euskaletxea.cat