Mendoza, Argentina. Mendoza probintziako hiriburuko Euskal Etxeak 65 urte bete zituen eta urteurren ekitaldia Independentzia Plazan dagoen ‘Irauten’ izeneko euskal berdegunean egin zuen. Mendozako Udaleko Inklusio eta Irisgarritasun Eremuko Koordinazio buru Nicolas Reinagak eman zion hasiera zeremoniari eta horren ostean Denak Bat-eko diruzain Pedro Salvarredik Elkartearen historiaz hitz egin zien bildutako lagunei.
Urteurren ekitaldiaren une nagusietako bat haritzak landatzea izan zenez, Euskal Etxeko lehendakari Javier Salvarredik haritzak Euskal Herriarentzat duen garrantzia azaldu zuen eta horren ostean Gozton Batikon musikari bizkaitarrak egunerako propio egindako bertso bat eskaini zion publikoari.
[Gotzon Batikonek ekitaldi honetarako propio euskal diasporaren omenez sortutako bertsoa]
Gotzon Batikonen bertsoa:
Zure irriak margoztu digu
Gure Euskal Aberria
Kilometroak koloreztatuz
Bi herrietan aztarna
Bizirik luzez gaztetasunez
Aiton amonen Etxea
Herri txiki bat itsaso zabal
Bihotz baten aldarria
Etorkizunez betea
Indar berriz eraikia
Haritzak landatu eta gero, Javier Salvarredik eta Carla Martinez Baez-ek Arin-Arina dantzatu zuten Batikonen trikitixak lagunduta.
[Euskal Dantzak Independentzia Plazako 'Prado Vasco' berdegunean]
Ekitaldia Mendozako Udalak antolatutako ‘Elkartasun Hilabetea’ izeneko programaren barruan egin zen eta haritzak Udaleko ‘Berdeguneen Zuzendaritza' lankide lortu ziren.