Telleria familia 1910. urteko argazkian. Goian: Pedro, Pancho, Ignacio, Justo, Cecilio eta Jose; erdian: Francisca, Segunda, Leopolda, Jose Maria eta Francisca gurasoak, Cirila, Cista; behean: Manuel
Gipuzkoako Zerain herrian jaioa zen Euskal Herritik atera zen Jose Maria Telleria. Beste hainbat euskaldunek hartutako bideari jarraituz, jaioterria utzi zion Jose Mariak leku berri batean bizitza berri batekin hasteko. Eta leku hori Argentinako Lucas Gonzalez herria izan zen. Entre Rios probintziako herrixka hartan, eta Francisca Zavala emaztearekin, hamabi seme-alaba izan zituen gazte zeraindarrak. Jose Maria Telleriaren ondorengoak Argentinan zehar daude sakabanaturik gaur. Distantziak gaindituz, Telleria familiaren I. topaketa egin zen joan den martxoaren 25ean Lucas Gonzalez-en. Victoriako Haritz Euskal Etxeko lehendakaria den Fabian Zorzabal-ek eta Zulema Urcola idazkariak ere hartu zuten parte elkarretaratzean.
Lucas Gonzalez, Argentina. “Orain dela hiru urte hasi ginen Victoriako Nekazaritza Elkarteko Erakustaldian parte hartzen”, azaldu dio Haritz Euskal Etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i. “Stand bat antolatzen dugu eta Euskal Herriari buruzko informazioa eskaintzen diegu bisitariei. Marko honetan hurbildu zitzaigun egun batean Jose Maria Tellereria, Zeraindik etorritako Jose Mariaren birbiloba. Bera ez zegoen Euskal Herriaren kulturan oso jantzita; hala ere, bazekien abizen euskalduna zuela eta komentatu zidan Argentinaratu zen lehenengo Telleriaren ondorengoak bildu nahi zituela”, kontatu digu Zorzabal-ek.
Telleria familiaren I. topaketa hori 2010eko azaroan egingo zen, baina arazo batzuk zirela eta atzeratu behar izan zuen bilera antolatzaileak. “Otsailean, ordea, berriro jarri zen kontaktuan gurekin Telleria jauna topaketa martxoaren amaiera izango zela eta guk Euskal Herriari buruzko hitzaldi bat ematea nahi zuela esateko. Hitzordua Lucas Gonzalez herrian izan zen herrixka hartan bizi izan baitzen familia XX. mendearen hasieran”, azaldu digu Victoriako euskal etxeko nagusiak.
[Telleriaren familia Lucas Gonzalezeko etxea]
Entre Rioseko baita Argentinako beste probintzia batzuetako ere berrogeita hamar lagun bildu ziren topaketan. “Mahi batzuk zeuden bazkarian eta mahai bakoitzean Jose Maria eta Franciscaren seme-alaben ondorengoak. Batzuk Sanferminetan erabiltzen den arropaz jantzita joan ginen. Gainera ikurrina batzuk jarri zituzten aretoa apaintzeko. Guk emandako hitzaldiari dagokionez, hiru gai hartu nituen azalpena aurkezteko: gure euskal etxearen sormena, Euskal Herriari buruzko oinarrizko informazioa – kokapena, historia, lurraldeak eta ikurrak – eta bukatzeko, Telleria familiaren datu batzuk. Internet-en dagoen informazioari esker, familia zeraindarrari buruz datu asko eman ahal izan nizkien bildu ziren senide guztiei. Beste alde batetik, Zerain herria nolakoa den ere kontatu nien. Arreta handiz entzun zuten denek mintzaldia gaia erabat ezezaguna zelako guztientzat. Gainera, nirekin kontaktuan jarri zen Jose Maria Telleriaren alaba bat Donostian bizi da orain eta berak Zerainen egindako argazki batzuk eta agur-bideo bat ere proiektatu genuen. Oso momentu hunkigarria izan zen”.
[Bazkaldu ondoren eta giro erabat euskaldun batean, Jose Maria Telleriaren ondorengoek euren aurkezpenak egin zituzten]
“Hitzaldia bukatuta eta bazkaldu ondoren, Telleriaren neba-arreben ondorengoek euren aurkezpenak egin zituzten, nongoak ziren eta nolakoak ziren euren familiak kontatuz. Giro ederra egon zen topaketan; elkartzeko oso aukera polita”, adierazi du Zorzabal-ek.
Haritz Euskal Etxea gaztea da baina bistan dago egiten ari den lana eragin handia duela Entre Rios probintzian. Hau bezalako ekimenek euskal diaspora indartzeko laguntzen dute, dudarik gabe.