Viedma, Argentina. Carmen de Patagones (Buenos Aires probintzia) eta Viedma (Río Negrokoa) hirietako euskal gizataldea batzen dituen Euskal Etxeak 24 urte bete ditu eta oso proposamen interesgarriak sortuz egin du, komunitatearekin partekaturik; batzuk aurrez aurrekoak izan dira, beste batzuk, online. Aurrez aurreko ekintzen artean bi azpimarratuko ditugu: bost egunetan zehar euskal jantzi tipikoak jarri dituzte erakusgai bi hirietako hainbat dendatan. Eta azaroaren 14an, berriz, Viedmako Udalak oparitutako haritz bat landatu zuten Euskal Etxeko lagunek Immigranteen Plazan.
[Euskal jantzi tipikoak Viedma eta Patagoneseko dendetako erakusleihoetan]
Online proposamenei hasiera emateko, Rocio Basterra Euskal Etxeko lehendakariak lehenengo agurra eskaini eta ‘Belaunaldiko Aurreskua’ aurkeztu zuen. Aurreskua, Lagun Onak dantza taldeko lehenengo irakaslea izan zen Maria del Carmen Elzaurdiak eta Imanol Basterra gazteak dantzatu zuten.
Euskal Etxeko ‘Abestu beti’ koruak ere partekatu zuen bideo bat eta Euskal Etxearen historia gogora ekartzeko, garai guztietako lehendakariek eta zuzendaritza batzordeetako kideek pasadizoak kontatu zituzten.
25 urte liburu batean
Urteurrenaren baitan, datorren urtean 25. urteurrena ospatzeko argitaratuko duen liburuaren proiektua aurkeztu zuen Euskal Etxeak. Liburua talde lanaren emaitza izango da eta bi ardatz izango ditu, denbora eta kokapen geografikoa: “Alde batetik 25 urte hauetan gertatutakoa kontatu nahi dugu; bestetik, garrantzi handia du gure Euskal Etxea Ipar Patagonian dagoela aipatzea, eta honako emigrazioak izan zituen berezitasunak marraztea”. Proiektuaren arduraduna Ruben Suarez da, elkarteko kultur arduraduna.
Aberri Etxea Facebook-en, Centro Vasco Viedma-Patagones
Aberri Etxea Instagram-en, @aberri_etxea