euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haraneko Euskal Etxeko lehendakari hautatu dute Milagros Ibarbia, proiektu berriekin eta begirada gazteengan jarria

2023/10/05

Ezkerretik eskuinera Zuzendaritza Batzordeko kideak, Maite Caracotche, Ignacio Esquiroz, María Esquiroz, Milagros Ibarbia, Natalia Suárez Caminoa, Gastón Mendieta eta Zulma Mendieta
Ezkerretik eskuinera Zuzendaritza Batzordeko kideak, Maite Caracotche, Ignacio Esquiroz, María Esquiroz, Milagros Ibarbia, Natalia Suárez Caminoa, Gastón Mendieta eta Zulma Mendieta

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Emakumeak emakumeari jaso dio lekukoa Patagonia kostalde honetan, berriro ere emakume bat hautatu baitute lehendakari Haraneko Euskal Etxean, Chubut Iparrekialdean agintariak berritzeko propio egindako Batzarrean. Irailaren 23tik, Milagros Ibarbia soziologoak jaso du erakundea gobernatzeko ardura, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako berdintasun-politikekin bat datorrela agerian utzi duen txandaketan.

“Egiari zor, harro nago oso Euskal Etxeko lagunek lehendakari hautatu nautelako, baina argi daukat karguetatik edo pertsonetatik haratago garrantzitsuena elkartzen gaituen proiektu kolektiboa dela”, adierazi digu Milagros Ibarbiak. Gogora dezagun Euskal Etxean 2016az geroztik daraman Ibarbia, partaide aktiboa izan dela orain artean ere, eta aurreko lehendakari Natalia Suárez Caminoa buru zuen Zuzendaritzan idazkari zela.


Haraneko Euskal Etxeko lehendakari berria den Milagros Ibarbia

Euskal Etxea garatzen ari den jarduera kulturalei jarraipena emateaz gain, hiru proiektu indartu nahi ditu bereziki Zuzendaritza Batzorde berriak. Horietako bat “Euskal Berria” asteroko irratsaioa da, maiatzetik emititzen ari dena. Beste bat, Euskal Herriko migrazioari buruzko ikerketa-proiektua bat, San Juan Bosco Patagoniako Unibertsitate Nazionaleko diziplinarteko talde baten eskutik abian dena, Euskal Etxea lankide. “Hiru urteko proiektua da, eta lehenengo aldia da unibertsitatetik gaia lantzen dela” azaldu dio lehendakari trelewtarrak Euskal Kultura.eus-i.

Azkenik, dantza talde bat sortzea erronka guztiz berria eta lehentasunezkoa aitortzen dute Haraneko Euskal Etxekoek. Dantzaren bidez, batez ere neska-mutilak, nerabeak eta gazteak erakarri nahi dituzte eta horretarako elkarlanean ari dira Puerto Madryngo Etorritakoengatik euskal etxe senideko gazteekin. “Proiektua oso lotuta dago Euskal Etxeari jarraipena emateko belaunaldien arteko txanda-hartzeari eta geroa bermatzeko helburuari. Eta bat egiten du ildo berean garatzen ari diren proposamenekin, hala nola haurrentzako sukaldaritza eskolekin edo paleta pilota txapelketekin. Gainera, Euskal Herriko edo Argentinako gainerako euskal etxeetako gazteekin trukeak antolatzeko proiektu bat ere garatu nahi genuke”, amaitzen du Milagros Ibarbiak.

ZUZENDARITZA BATZORDE BERRIKO KIDEEN KARGU ETA IZENAK

- Lehendakaria: Milagros Ibarbia
- Lehendakariordea: Gastón Mendieta
- Idazkaria: Maite Caracotche
- Diruzaina: María Esquiroz
- Batzordekideak: Natalia Suárez Caminoa, Ignacio Esquiroz, Marta Arrascaeta eta Zulma Mendieta
- Batzordekide ordezkoak: Irun Mujica, Roberto Matías Ibarbia, Irma Arroqui eta Enrique Ogalde 
- Kontu ikuskatzaileak: Fernando Javier Saldivia eta Gerardo Sagredo 
- Epaimahia: Edith Terenzi, Juan Emilio Arbeletche eta Ricardo Cavia López.

Aupa lehendakari eta talde berria eta Haraneko Euskal Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia