euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haraneko Euskal Etxeak gastronomian trebatzeko ikastaroa eskainiko du hitzarmena sinaturik Lan Idazkaritzarekin

2024/10/01

Ezk., Haraneko Euskal Etxeko lehendakari Milagros Ibarbia eta Probintziako Lan Idazkaritzako Enplegua Indartzeko idazkariorde Omar Auteri, joan den irailaren 16an, hitzarmena sinatu ondoren. Eskuinean, Omar Auteriren Haraneko Euskal Etxera egindako bisita
Ezk., Haraneko Euskal Etxeko lehendakari Milagros Ibarbia eta Probintziako Lan Idazkaritzako Enplegua Indartzeko idazkariorde Omar Auteri, joan den irailaren 16an, hitzarmena sinatu ondoren. Eskuinean, Omar Auteriren Haraneko Euskal Etxera egindako bisita

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. 2024. urtean zehar, Chubut ipar-ekialdeko Haraneko Euskal Etxeak artikulazio lan iraunkorra egin du beste erakunde eta elkarte batzuekin, besteak beste, probintzia eta udal gobernuekin. Duela gutxi, lan horren emaitza Lan Idazkaritza Probintzialarekin egindako hitzarmen bat eman du fruitu, gastronomian lan trebakuntza garatzeko. Proiektuak parte-hartzaileen laneratzeko aukerak hobetuko ditu eta, aldi berean, euskal sukaldaritza zabaldu eta euskal etxeko sukaldarien lantaldeko kideak batzeko aukera emango du, eramateko janaria saltzea ahalbidetuz eta Euskal Etxearen festetan, baita jaialdi eta azoka gastronomikoetan parte hartzea ere.

Proiektu gastronomikoa Haraneko Euskal Etxearen indarguneetako bat dauka oinarri, ia 100 metro koadroko sukalde baten jabe baita. Sukaldatzeko espazio zabala du, altzairu herdoilgaitzezko mahaiekin, tresnak, lapikoak, oholak, platerak, eta lan egiteko behar den guztiarekin guztiz hornitua; eta beste gune bat, egokia, klaseak edo proiekzioak bezalako jarduerak egiteko. Prestakuntza plater kreoletara zuzenduta egongo da, batetik, hala nola gisatuak, lokroa eta enpanada, elikagaien salmentaren bidez diru bilketa egiteko egokiak, baita euskal janari tipikoetan trebatzera ere, bereziki azoka gastronomiko handietan kontsumitzekoa: pintxoak, tortillak, kroketak, txorizoak sagardoarekin eta paella.

 
Leandro Yofrida sukaldaria (zutik) Haraneko Euskal Etxeko egoitzan, trebakuntza ikastaroan izena eman dutenekin

Hitzarmena irailaren 16an sinatu zen, Trelewko Lan Idazkaritzaren bulegoan. Haraneko Euskal Etxearen izenean, lehendakari Milagros Ibarbiak eta Probintziako Lan Idazkaritzako Enplegua Indartzeko idazkariorde Omar Auterik egin zuten. “Egiari zor, izugarrizko ilusioa egiten digu proiektu hau gauzatzeak. Gastronomia erakargarria  da, eta Haraneko Euskal Etxearentzat beharrezkoa da pertsona trebatuen talde bat osatzea ekitaldi handietan, mahaikide askorentzat, sukaldaritzan aritzen dakiena. Euskal etxearen sostengagarritasunaren ikuspuntutik, asko balio du. Gainera, euskal etxea eragin soziala duten proiektuak gauzatu ahal izateko toki gisa kokatzen da. Honek parte-hartzaileen laneratzea du helburu, baina gurean etorkizuneko ekitaldietan lan egitera deitzeko ideia ere badugu”, azaldu dio Milagros Ibarbiak EuskalKultura.eus-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia