euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haraneko Euskal Etxeak bere goranzko bideari darraikio eta lagun ugari bertaratuta ospatu du bere 30. urteurreneko jaia

2024/05/21

Haraneko Euskal Etxearen 30. urteurrenaren ospakizunera bertaratutakoak, elkartearen logoaren azpian
Haraneko Euskal Etxearen 30. urteurrenaren ospakizunera bertaratutakoak, elkartearen logoaren azpian

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Chubut Iparrekialdeko “Haraneko Euskal Etxeak” bere 30. urtebetetzea ospatu zuen festa zoragarri batekin. Maiatzaren 12an, igandez, izan zen, gonbidatu kopuru handi bat partaide. Urteurreneko jaiak, eguerdi aldera hasi eta ilunabarrera arte iraun zuen, eta euskal dantzak, janari tipikoak, musika zuzenean eta bestelako emanaldiak ere bildu zituen. Inguruko kultur erakundetako ordezkariak, bertako agintariak, Puerto Madryngo "Etorritakoengatik" Euskal Etxeko lagunak eta FEVAko kideak ere bertaratu ziren.

 
Txile, Gales, Italia, Portugal eta Espainiako gizataldeen Zeremonia Banderek "Haraneko Euskal Etxea"ren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat eginda

Ekitaldia Natalia Suarez Caminoa lehendakari ohiak gidatu zuen. Argentinar Ereserki Nazionala eta Gernikako Arbola abestuz hasi zen, Iparragirreren aire ezaguna baita Diaspora osoan Ipar eta Hego Euskal Herriko ondorengoek euskal ereserkitzat tradizionalki kantatu ohi duten doinua. Ondoren Agurra dantzatu zuen Gernikako Arbolaren kimuaren eta bertan zeuden agintarien aurrean, Lautaro Castrok, ondoko Puerto Madryn-eko "Etorritakoengatik" Euskal Etxeko kideak. Lehendakari Milagros Ibarbiak hartu zuen gero hitza, eskerrak emanez eta elkarteko proiektuez arituz. Gauza bera egin zuen bere txandan FEVAko lehendakariorde Arantxa Anituak. Eta Haraneko Euskal Etxeko idazkari Maite Caracotchek, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagolak bidalitako agurra irakurri zuen.

Ospakizunaren atalik formalena amaituta, bazkaria partekatu zuten. Dantza eta musikaren garaia Puerto Madryngo “Dantza Pixka Bat” taldearen eskutik heldu zen. Euskal dantza tradizional ikuskizun txalotua eskaini zuten. Topa egin eta Urteurreneko tarta jan ondoren, “Zutarriak” taldearen musikaz gozatzeko unea iritsi zen. Haurrek ere izan zuten tarte berezia festan, eta Martina Mezzetti artista plastikoak koordinatutako jardueran poz pozik aritu ziren.

 
FEVAko lehendakariorde Arantxa Anitua eta diruzain Iñaki Ederra, Haraneko Euskal Etxeko lehendakari Milagros Ibarbiaren inguruan

Ospakizunean partaide FEVAko lehendakariorde Arantxa Anitua, diruzain Ignacio Ederra, Edith Terenzi senatari nazionala, Trelewko intendente Gerardo Merino, bertako gizataldeen elkarteetako presidenteak, probintzia eta udaleko ordezkariak eta haraneko herrietako kulturaren hainbat erreferente ere izan ziren.

Zorionak Haraneko Euskal Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia