euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haraneko Euskal Etxea, honela, euskaraz, du izen berria Trelew-ko EEak, eta Gernikako Arbolaren kimua hartu du lagun

2022/12/07

Omendu zuten Irun Mujica' Txapeldun Handia', urdinez erdian, Haraneko Euskal Etxeko lagun eta bazkideekin igandeko ekitaldian
Omendu zuten Irun Mujica' Txapeldun Handia', urdinez erdian, Haraneko Euskal Etxeko lagun eta bazkideekin igandeko ekitaldian

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Urrats berria eman eta azkeneko aldi honetan egoitza lortu ondoren, izena ere aldatu du orain artean gehienbat 'Centro Vasco del Nordeste del Chubut' izena zerabilen Trelew-ko euskal elkarteak, eta aurrerantzean 'Haraneko Euskal Etxea' (HEE) izango da [gaztelaniaz 'Valle' deitzen baitzaio eskualdeari]. Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatu duten ekitaldi batean, ilusio handiz bildu dira joan den igandean, abenduaren 4an, bazkide, lagun eta gonbidatuak HEEren egoitzan, euskara ospatzeko eta keinu sinboliko batekin egin dute: Gernikako haritzaren kimu bat landatuz, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxearen dohaintza. Landaketan, basogintzan aditua den Andrea Garrido ingeniaria izan dute laguntzaile.

Igandeko topaketa berezi hau, Irun Mujica bazkidea omentzeko aukera izan zen. HEEko lehendakari Natalia Suarez Caminoak 'Txapeldun Handia'ren txapela eman zion, bere laguntza eskuzabalagatik. Izan ere berari esker eraiki ahal izan baitute 'Txokoa”, eta lehenago biltegi bat zena, eskola, hitzaldi eta bestelako ekitaldietarako leku aproposa bihurtu. Igandeko programan, horrez gain, Euskararen Egunaren jatorri eta zergatiei buruzko hitzak esan zituen Ignacio Esquirozek, eta genealogiari eta zuhaitz genealogikoak nola osatu azaldu zuen hitzaldi batean Hugo Derin adituak.


Gernikako Arbolaren kimua landatzen Haraneko Euskal Etxean eta esker oneko 'Txapel Handia' 

Musika ez da inoiz falta izan euskal etxe honetan, Ignacio Esquiroz-i eta bere albokari esker. Oraingo honetan, bigarren albokari batek, Iñaki Nuñok lagundu zion landaketaren momentuan. Elkarretaratzearen hondarrean, topa egitearekin eta pintxo iradokigarriak dastatzearekin batera, “Zutarriak” bertako euskal folk taldearen musikaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Lau lagunek osatzen dute egun Zutarriak taldea: eurak dira Juan Barrena gitarran, Victoria Wainer biolontxeloan, Iñaki Nuño alboka, harmonika eta saxofoian, eta Ignacio Esquiroz bera banjo, alboka eta kantuan.


Argentinako Zutarriak euskal folk taldeko hiru kide igandeko ekitaldian Haraneko Euskal Etxean

Ekitaldian Euskal Herriko Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez ere izan ziren, “Hemen Gaude” haien proiektua aurkezten.

Zorionak, Haraneko Euskal Etxea! Urte askoan!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia