euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HanHemen-ek proiektua abiatzeko lehen urratsak eman ditu eta inkesta aurkeztu zuen bere Lehen Topaketa Digitalean

2022/07/08

Uztailaren 5ekoa HanHemenek deitutako lehenengo online bilera izan da, baina deialdi berriak etorriko dira
Uztailaren 5ekoa HanHemenek deitutako lehenengo online bilera izan da, baina deialdi berriak etorriko dira

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen HanHemen ekimenak aurrera begirako lehenengo urratsa eman du uztailaren 5ean online, munduan barreiatutako euskal herritarrei eta Diasporako kide eta lagunei zuzenduta antolatutako 'Euskal komunitate globalaren lehen topaketa digitala' burutu baitzuen. Saioak, proiektu osoak bezala, kontaktua eta elkarrekitea bultzatu nahi izan zuen eta aurreneko aurkezpen bat eta asmo azalpena egiteko balio izan zuen, hainbat gai ere azaleratu eta mahaigaineratu zirelarik.

Topaketa joan den asteartean egin zen, Euskal Herriko 18:00etan hasita, eta Garazi Ayesta ETBko kazetaria eta Igor Calzada HanHemen-eko zuzendari zientifikoa izan ziren Euskal Herritik aurkezle eta moderatzaile. Partaideek proiektuak joan den otsail-martxoan online egin zuen inkestaren emaitzak ezagutu eta segitu ahal izan zituzten (ikus beherago inkestaren berri ematen duen bideoa) eta, lehenengo saio honetan, taldeka biltzeko aukera ere izan zuten, guztiei Diasporari buruzko euren kezkak, iruzkinak, mintzagai proposamenak eta dena delako esan beharrekoak plazaratzeko aukera erraztearren. Taldeka hizpide izandakoa, bilera nagusira bideratu zen ondoren.

Hona bideoa emititu zen bezala, euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin:

Ekimeneko zuzendari teknikoa den Alejandro Novoak egindako aurkezpenean bere arloari buruz azaldu zuenez, bestalde, "HanHemen auzolanean/auzolabean garaturiko tresna izango da, Euskal Komunitate Globalaren entzute aktiboaren emaitza, horren beharrei etengabe egokitzeko garapenean egongo dena. Horren ezaugarri nabarmenetakoak izango dira, besteak beste, (i) erabilera erraza eta intuitiboa, (ii) dinamismoa eta interaktibitatea, (iii) datuen pribatutasuna, (iv) harremanak eta konexioak, informazio egokitua eta moldagarritasuna, eta (v) datuen soberania eta sare-dezentralizatuen moldera egitea".

Hona inkesta erantzun zutenen erantzunetatik ateratako ondorengoak eta HanHemen-en iruzkinak:

  1. %70a, euskal diaspora kide sentitzen den era berean, %30a apur bat ‘deskolokatua’ dagoela aitortzen du. HanHemen-en inklutsibotasunak, gai honi erantzuteko xedea du.
  2. %80a, modu argian, euskal geografiekin loturak mantentzearen alde agertzen da.
  3. Eusko Jaurlaritzak berez eskaintzen duen babesari buruz galdetuta, %70ak dio hobetu litekeela. Hori indartzeko sortua da HanHemen.
  4. Diasporakideak euren artean harremantzen dira nazioartean. %50ak, egun, bost euskal hiritar global eta digital baino gehiago ditu inguruan, bere bizilekuan. Horrek komunitateak trinkotzeko bidea eta saregintzarako bidea finkatzen digu.
  5. Orohar, Euskal Etxeak gertu daudenaren sentipena zabaldua da: %65ak dio baduela eskura bertako batera joatea. Euskal Etxeen gertutasunaren pertzepzioa HanHemen egitasmoaren bidelagun garbia izan liteke, ondo kudeatuz gero.
  6. Elkarren artean komunikatzeko moduen inguruan: Offline, online eta hibridoaren artean badago zer esperimentatu oraindik. Gehientsuenak online eta hibridoaren hautua egiten dute. Hala ere, ezin uka, euskal hiritarrek presentzialtasuna nahiago dutela, beste edozer formaturen gainetik. Bestalde, postpandemiak argi erakutsi du offline formatua hutsean bere horretan ezinezkoa dela diaspora nazioarteko fenomeno digitala ere bilakatu denean.
  7. Handarrek sare sozialak erabiltzen dituzte, hauek erakuslehio bat baitira diasporakide baten begietara eta diasporarekin erlazionatzeko bide zuzenena.
  8. Hala ere, nabarmenki, %80a pribatasunaren afera eta arrakalarekin oso kezkatuta agertu zaigu. HanHemen, oinarritik, hanhemendar erabiltzaile ororen eskubide digitalak bermatzea ziurtatzea dakar.
  9. Nomada digitalen parametroen harira (alegia, azken 2 urteetan lekuz leku dabilen nazioarteko ibiltari digitala), handarrak ez dute euren burua nomada digitaltzat hartzen. Hala ere, %42ak dio, baduela mugikortasunerako hazkunderako joera. Ondorioz, pentsa liteke, handar nomada digitalak ugaritzen joango diren soslaia izango direla. HanHemen-en diseinuak hori jaso beharko luke.
  10. Azkenik, %65ak itzultzeko prest dagoela dio. Ba al ditugu zubiak prest itzulera duin eta jasangarri bat bermatzeko?

​HanHemenek deitutako lehenengo topaketa birtuala izan da honakoa, lehenengo urratsa. Datozen aste eta hilabeteetan ekimen eta proposamen berriak plazaratuko dira. Gonbidatuta zaude eta bateko edo besteko akarpenik egin nahi baduzu, jo lasai HanHemen.eus-era.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia