Tres Arroyos, Argentina. Euskal kultura, historia eta hizkuntza zabaltzeko aukera paregabea ematen du euskal zineak eta ideia hori aplikatuz ‘Handia’ luzemetraia baliatu du Tres Arroyoseko Euskal Etxeak joan den asteazkenean. Hogeita hamar bat lagun bildu ziren Hiru Errekako egoitzan Aitor Arregi eta Jon Garañoren filma ikusi eta anfitrioiek eskaini zuten askariaz gozatzeko.
Bestalde, eta uztaila bertan dugula-eta, Euskal Etxeko kideek San Fermin jaira gonbidatzen dute. Iruñeko patroiaren omenezko festak bi zati izango ditu Tres Arroyosen: uztailaren 6an, ostirala, afaria egingo du Euskal Etxeak. Uztailaren 7an, San Fermin egunean, txupinazoa botako dute Hiru Errekako lagunek herriko Euskal Enparantzan.