Bariloche, Argenna. FEVAren hausnarketarako Tailerraren eta Patagoniako Euskal Etxeen VI. Bileraren egoitza izan da Bariloche azken asteburuan. Bertaratutako euskal etxeak: Bariloche, Neuquen (Comahueko Euskal Etxea eta ‘Baskos de la Confluencia'), Comodoro Rivadavia, Mendoza, Posadas, Puerto Madryn, Rio Colorado, San Martin de los Andes, Viedma eta Patagones, eta Villa Maria izan dira, 35 ordezkari, martxoaren 16an eta 17an Barilocheko Mendiko Euzko Etxean FEVAk antolatutako tailerrean parte hartzeko bilduak. Ana Idígoras psikopedagogoa koordinatzaile, euskal etxeen inguruko hainbat hausnarketa egin dituzte, Federazioko agintariak ere partaide, izan ere, FEVAko lehendakari Javier Ederra eta Juan José Olasagastia eta Arantxa Anitua lehendakariordeak ere bertaratu baitira bilkurara. Tailerreko argazki gehiago, hemen.
Asteburu berean, larunbatean hain zuzen, Patagoniako Euskal Etxeen VI. Topaketan ere hartu dute parte FEVAko ordezkariek. Eskualdeko bilerari hasiera emateko Euskal Etxe anfitrioiko lehendakari Stella Larraburuk ongietorria eman die bisitariei eta ondoren taldeko elkarteek propio egindako gai zerrenda mahaigaineratu dute: euskal etxeen eta euren komunitatearen arteko harremanak, euskal etxeen araudiak, komunikazioa, diru-laguntzak… Bilerako argazki gehiago, hemen.
Eguerdi aldera, Euskadiren ordezkari Sara Pagola eta Mariana Satostegui teknikaria talderatu dira eta Eusko Jaurlaritzaren programei buruzko zalantzak argitu dituzte. Bilerak bukatuta, topa egiteko eta dantza batzuk inprobisatzeko denbora ere hartu dute bertaratutakoek.