euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamarkada pasea da Quebec-eko euskal arraun taldea ari dela lanean Montrealen; hurrengo txangoa, ekainaren 29an

2024/06/19

Quebec-eko arraunlarien taldea
Quebec-eko arraunlarien taldea

PUBLIZITATEA

Montreal, Quebec. ‘Kebekeko Arraun Taldea-KAT’ (sic) izeneko arraunlari amateurren taldea 2013an sortu zen Montrealeko Euskaldunak Quebec Euskal Etxearen baitan euskaldunen eta quebectarren itsas-zaletasunaren eta bi herrien artean egon dagoen lotura historikoaren ikur. Hamar urte hauetan, mota askotako ekintzak antolatu izan ditu taldeak naturaz eta euskal kulturaz gozatzeko helburuarekin.

Eta xede horrekin gonbidatzen du orain, antolatu duen hurrengo txangora. Irteera datorren asteko larunbatean, ekainaren 29an, izango da, San Laurendi ibaiaren beste aldeko Chateauguay izeneko hirira. Egun osoko pasealdia izango da, Saint Bernard uhartera egingo den bisita eta bazkaria barne.

‘Kebekeko Arraun Taldea’: sorrera eta gaur egun

Duela hamaika urte, 2013an hain zuzen, ekainaren 17an Euskal Herriko eta Quebec-eko arraunlari talde bat uretaratu egin zen, 500 kilometroko ibilaldia egiteko. San Laurendi ibaian gora, antzinako balezaleen antzera, Trois-Pistoles-etik atera eta Montreal-era iritsi ziren. Egitasmo haren izena ‘Indianoak 2013’ izan zen eta antolatzaileak Euskal Herriko Ibaialde elkarte lapurtarra eta Quebeceko Euskaldunak Euskal Etxea. (Ekimenari buruzko EuskalKultura.eus-en artikulua, hemen).


'Indianoak 2013' espedizioaren laburpena. Bideoa frantsesez dago

“Gure arbaso bale ehiztarien aztarnak gogoan ukanez egin genuen orduan bidaia”, azaltzen dute KAT taldeko arduradunek. “Euskaldunok lotura sendoa izan dugu historian zehar quebectarrekin: XVI. mendean dagoeneko, Euskal Herriko marinelak etortzen ziren bale bila”. ‘Indianoak 2013’ko abenturaren ondoren, Ipar EHko elkarteak trainerua oparitu zion Euskal Etxeari –Amerikan dagoen euskal traineru tradizional bakarra da–, azpimarratzen dute KATeko lagunek, eta hura izan zen ‘Kebekeko Arraun Taldea’aren hasiera.

Gaur egun, Quebec-eko arraunlarien taldeak euskal istorio hau guztia gogoan duen emakumezko eta gizonezkoek osatzen dute, eta astean bitan entrenatzen du, Kanadako arraun klub zaharrena den Aviron Lachine-n. Euskal itsas-kirol honen ohiturari jarraituz, arraunlariek beraiek eramaten dute trainerua uretara, aulkiak finkokoa da eta arraun erritmoa euskaraz markatzen dute.

Ekainaren 29ko txangoarekin bat egin nahi dutenek, aski dute  taldearekin kontaktuan jartzea sareetan: KAT - Kebekeko Arraun Taldean edo kanadako.euskal.arraunlariaken.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia