euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamar urteko isiltasuna hautsiz, disko berria atera du Antton Valverdek; eta Ameriketan ere aurkeztu nahi du

2007/11/13

Antton Valverde kantari eta pianojolea
Antton Valverde kantari eta pianojolea

PUBLIZITATEA

Antton Valverde kantariak disko berria plazaratu du, hamar urteko isilune luzearen ondoren, grabazio aldetik. Euskal kantagintza modernoaren historian ahots garrantzitsua izan den kantaria 'Hamabi amodio kanta' (Elkar 2007) diskoa besapean dator. Ipar Euskal Herriko maitasun kantuak jaso ditu bertara, duela 120 urte Charles Bordes musikazaleak bildutako altxorretik hautatuak. Tartean, 'Adios ene maitia' bezalako harribitxiak, Valverderen aburuz: 'hamar euskal kantu onenen artean egon beharko luke'en kanta. Abeslariak diskoa Argentina eta Uruguaiko euskal etxeetan ere aurkezteko asmoa agertu du.
Antton Valverdek 'Charles Bordes. Hamabi amodio kanta-12 chansons d'amour du Pays Basque' diskoa aurkeztu du, grabazio alorrean izan duen hamar urteko isiluneari bukaera emanez. Diskoan Ipar Euskal Herriko hamabi kanta herrikoi biltzen ditu Valverdek, duela 120 urte Charles Bordes adituak jasotakoen artetik hautatuak. Bordes frantziar musikazalea Parisen egin zen kantaldi batean enamoratu zen euskal kantu tradizio aberatsarekin eta 200 kantu biltzen saiatu zen. Azkenean 200 bildu aurretik hil egin zen, baina bere lanak zinez lagundu du Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko kantu ondarea zaintzen.

Bilduma horretatik jasotako hamabi kantu, bakoitza bere jatorrizko euskalki eta moldean grabatu ditu Valverdek. Horrek 'musikalitate propioa eman dio abesti bakoitzari', kantuok Valverderen pianoarentzat moldatu dituen Karlos Gimenez musikariaren esanetan [bide batez, egun bertan familiarik ez badu ere, Santa Fe-ko Rosarion jaiotakoa da Karlos Gimenez pianojole eta musikagile euskalduna]. Valverdek, bere aldetik, kantu hauen lirikotasuna eta edertasuna goraipatzen ditu. Bere ustetan, esaterako, diskora ekarri duen 'Adios ene maitia' bezalako abestiek 'hamar euskal kantu onenen artean egon beharko lukete'.

Bira Argentina eta Uruguaira

Kantariak Euskal Herrian aurkeztuko du diskoa datozen hilabeteetan, baina dagoeneko Argentina eta Uruguaiko euskaldunen artean ezagutzera emateko gogoa azaldu du. Valverdek harreman estua du euskal Diasporarekin --senitartekoak ditu Argentinako Rosario hirian-- eta webgune eta hainbat argitalpenen bidez euskal etxeen ekimenak eta historia jarraitzen ditu. Kantariaren emanaldietako bat jaso nahi duten euskal etxeek edo bestelako erakundeek, zuzenean jar daitezke harremanetan musikari donostiarrarekin edota bere proposamenak helarazi honako e-maila medio. [Teknikoki, emanaldiek piano gozatu bat --ez da ezinbestekoa isatsekoa izatea-- beharko lukete, eta gutxienez bi mikro dituen anplifikazio sistema, mikro bat ahotsarentzat eta pianoarentzat bestea]

Antton Valverde 1943an jaio zen Donostian. Kantari bezala bakarka eta Julen Lekuona, Pantxoa eta Peio, eta batez ere Xabier Leterekin batera aritu izan zen, bereziki frankismopean. Euskal kantagintzaren errenazimenduko protagonistetako bat izan zen transizio politiko garaian. Garai hartako diskoen artean Txirrita eta beste zenbait bertsolariaren bertsoez egindako lan gogoangarria.

Bakarlari gisa, Lizardi poetaren omenezko kantuak edota Estepan Urkiaga 'Lauaxeta'-ren poemekin eginiko lanak nabarmentzen dira, besteak beste. Euskal kantarien artean bakarra da, edo bakarrenetakoa, beti pianoa lagun agertzen, beste batzuek gitarra jotzen zuten bezala, berak pianoa jotzen baitzuen. hamaika urtez grabaziorik aurkeztu gabe egon ondoren, 1997an 'Larogeita hamazazpi' diskoa plazaratu zuen, Karlos Gimenez, Pascal Gaigne eta Jabier Muguruza musikari lagun, Orixe, Lizardi, Lete, Artze, Celaya, Shakespeare eta Jon Miranderen testuez. Hori zuen orain arteko azkena, zuzenean emanaldi batzuk eskaini baditu ere.


Lotura interesgarriak

'Hamabi amodio kanta' diskoko abestiak entzuteko
www.e-boza.com

Antton Valverderekin elkarrizketa
Ainhoa Irazuk Euskonews.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia