Cordoba, Argentina. Arrakastaz amaitu da “Soinez soin”, Cordobako Gerora euskal kultur elkarteak azaroko lau asteburuetan emandako musika & dantza mikroikastaro bateratua. Lau saioak aurrez aurre eman dira azaroko larunbatetan elkartearen egoitzan, euskal dantza eta musika hastapenak batera jorratuz, hasiberriei zuzenduta. Aukera izan da hamar musikari eta musikazalek euren lehenengo urratsak ematearren bi diziplina hauetan, euskal doinuen eta musika-tresna tradizionalen zuzeneko laguntzaz.
Mintegiak elkartearen presentzialtasunera itzultzea suposatu du. Parte hartutako lagunen artean, gehienek ez zuten aurretik euskal dantzen inguruan inolako ezagutzarik eta lehenengo aldia zuten baita ere euskal instrumentuak zuzenean ikusi edota entzuten. Hala izan arren, ez da oztoporik izan lana garatzeko. Saioek, dantzen oinarrizko mugimenduak, euren testuingurua, bilakaera eta gaurkotasuna hartu dituzte hizpide eta praktikagai.
“Oso pozik gaude, pandemiaren ondoren jendearekin izan dugun lehenengo topaketa izan den honetan jendea ere gustura eta oso pozik irten delako, helburutzat genituenak beteta. Etorri den jendeak zerbait berria ezagutu, eta gainera disfrutatu egin du, gure dantzen eta musikaren aniztasunaz gozatuz. Onuragarria izan da eta indarra ematen digu, zalantzarik gabe”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i ekimenaren koordinatzaileetakoa izan den Noe Fernandezek.