euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamar euskal etxek hartuko dute parte Cañuelaseko Denak Batek antolatutako Dantzarien Topaketan

2009/03/17

Dantzariak taulagainean topaketaren aurreko edizio batean (argazkia CañuelasEE)
Dantzariak taulagainean topaketaren aurreko edizio batean (argazkia CañuelasEE)

PUBLIZITATEA

Martxoaren 28an eta 29an, Aberri Eguneko ospakizunekin batera, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxean Dantzarien Topaketa egingo da. Hirugarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, asmoa euskal etxe ezberdinetako gazteei elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko tartea ematea da. Asteburu osoan zehar, Buenos Aires probintziako herri honetara gerturatzen diren neska-mutilek dantza, kirola, jolasak eta beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute. Dagoeneko hamar dantza talde dira jada euskal etxe antolatzaileari baietz esan diotenak.

Cañuelas, Argentina. Denak Bat erakundea dagoeneko prest dago hamar euskal etxe ezberdinetako dantza taldeei harrera egiteko datorren martxoaren 28an. Taldeak honakoak izango dira: Buenos Aireseko Acción Vasca eta Ekin Dantza Taldea, La Platakoak, Rosariokoak, Villa Mariakoak, Chascomusekoak, Mar del Platakoak, Bahia Blancakoak, Maipukoak eta Lapridakoak. Horrela, asteburuan zehar Cañuelas Argentinako euskal dantzarien topagunea bihurtuko da.

Martxoaren 28an, larunbatean, goizeko hamaiketan bilduko dira delegazio guztiak eta bazkaldu ondoren, arratsaldeko 15:00etatik 16:30etara gazteek erlaxatu eta hobeto elkar ezagutzeko aukera izango dute, joko eta beste jarduera batzuen bidez. Ondoren, dantza taldeak 17:30etan euskal etxera bidea egin eta arratsaldeko emanaldietarako prestatuko dira. 19:00ak aldera kalejira eta danborrada batekin berotuko dute giroa eta ondoren talde guztiek euren dantzak eskainiko dituzte. Gaua erromeria polit batekin bukatuko da.

Hurrengo egunean, igandean alegia, 10etan gosaldu eta ordu pare bat izango dituzte gazteek elkarrekin egoteko, elkar ezagutzeko eta haien arteko harremanak indartzeko. Hau da, azken finean, topaketaren helburua, Denak Bat Euskal Etxeko lehendakaria den Margarita Mathieu-ren esanetan. Eguerdian dantzari eta ordezkaritza guztiek elkarrekin bazkalduko dute, bakoitza bere herrira bueltatu baino lehen. Horrela ospatuko dituzte aurten ere Aberri Eguna eta Dantzarien Eguna Cañuelaseko euskaldunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia