euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamalau dira jadanik, euskal etxerik ez duen Claromecón herrian euskara eskoletara ari diren bertako ikasleak

2007/08/17

Andrés Monteagudo irakaslea (zutik, ezkerrean) Claromecón, bere eskoletako bat ematen. Emaitza politak ari dira lortzen bere ikasleak
Andrés Monteagudo irakaslea (zutik, ezkerrean) Claromecón, bere eskoletako bat ematen. Emaitza politak ari dira lortzen bere ikasleak

PUBLIZITATEA

Argentinan, Buenos Aires probintzia hegoaldeko Claromecó herrian ez dago euskal etxerik, baina joan den urte amaieran bertakoak ados jarri ziren aldameneko Tres Arroyos-eko Euskal Etxekoekin aurten euskara eskolekin hasteko. Hamalau gazte zein heldu dira jadanik, Tres Arroyos-tik inguratzen den Andrés Monteagudo irakasleak emaniko saioetara datozenak. Maila haste-hastekoa da, baina gustura dabiltza ikasle-irakasleak emaitzekin, euren jakinmina asetze bidean ipintzen eta, nork daki, euskal etxe berri baten oinarriak finkatzen. Zorionak eurei, eta eurak bezala Argentinako herri txikietan euskal etxe baten babesik gabe ahalegin bera egiten duten hainbat ikasle eta irakasleei.
Claromecón euskara eskolak ematen hastearena 2006 urte hondarrean hasi zen, aldameneko herriko euskal etxea, Tres Arroyos-eko Hiru Erreka Euskal Etxea, kostaldeko herri honetan urtero egiten den Gizatalde edo Kolektibitateen Azokara parte hartzera gonbidatu zutenean. Elkarrekin aritu ziren Claromecón euskal jatorria daukan pertsona talde bat eta Hiru Errekakoak, eta euren arteko solasetik atera zen Hiru Errekak eginiko proposamena eta eskaintza, Claromecón euskara eskolak oinarrizko mailan hastekoa.

Eskolak, doanikoak, Andres Monteagudo irakasleak ematen ditu. Irakaslea hamabost egunero bidaiatzen da Tres Arroyosetik Claromecóra, hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren astearteetan hain zuzen, eta eskolak Dunamarren eskaintzen dira, Los Troncos-eko Showroom-ean. Oinarrizkoak izanik, euskara aldez aurretik batere ezagutzen ez duten pertsonei zuzenduak daude eta, antolatzaileek azpimarratzen dutenez, eskoletara etortzeko ez dago euskal jatorrikoa edota inongo euskal kolektibitateko edo euskal etxeko bazkide izan beharrik: klaseak erabat irekiak dira, interesa duenak parte hartu ahal izan dezan.

Informazio edo xehetasun gehiago honako telefonoetara deituz lor daiteke, Claromecón: Margarita Bayúgar-i deituz (02982) 495383 zenbakira edota Miguel Erreguerena-ri, 1556 8297 zenbakira; edota, internetez, Hiru Errekakoen webgunera joz, beherago 'lotura interesgarriak' atalean agertzen den helbidean.


Lotura interesgarriak

Tres Arroyoseko 'Hiru Erreka' Euskal Etxearen webgunea
www.hiruerreka.com.ar

Gauzak mugitzen ari dira Claromecó-ko euskaldunen artean
2006ko abenduaren 31ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskaldunak Claromecó-ko Kolektibitateen Azokan partaide
2005eko urriaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskaldunak, Kolektibitateen Batzordeko kide Claromecón
2005eko abuztuaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia