euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamaikagarren edizioan ere Baztango Egunak Mexikoko Euskal Etxea bete zuen

2014/05/07

Baztango Egunaren antolatzaileak, goiza jo eta su sukaldean lanean eman eta gero, festaren arrakastagatik topa egiten (argazkia MexikoEE)
Baztango Egunaren antolatzaileak, goiza jo eta su sukaldean lanean eman eta gero, festaren arrakastagatik topa egiten (argazkia MexikoEE)

PUBLIZITATEA

Berrehun lagun inguru bildu ziren maiatzaren 1ean Mexikoko Euskal Etxean beste urte batez --hamaikagarrengoz, dagoeneko-- Baztango Eguna ospatzeko. Festa honek itzal handia du Mexikoko euskal komunitatean eta urtero urtero lagun askok parte hartzen dute bertan, giro bikainak eta Baztango jaki tradizionalez osaturiko bazkariak erakarrita.

Mexiko Hiria, Mexiko. Mexikoko baztandar komunitateak urtero urtero lortzen du lagun andana biltzea bere sorterriaren eguna ospatzeko egiten duten festara. Sustraiekin harreman oso estua dute Mexikon bizi --eta jaio eta bizi diren-- baztandar ugariek eta ilusioz eta gogoz beterik jo eta su aritzen dira beti Baztango Eguneko festa hau antolatzen. Aurten ere antolatzaileek lan eskerga egin zuten, beti umore onez eta alai, eta festara bildu zirenekin partekatu zuten giro bikain hori.

Festa ordu biak aldera abiatu zen eta apurka apurka Euskal Etxera bildu joan ziren lagunak Txokotik pasa ziren, bertan apiritiboa egiteko. Antolatzaileen esanetan, berrehun bat lagun izan ziren euskal etxean, talde baztandar antolatzaileak prestatu zuen bazkari gozoa dastatzeko irrikitan.

Menua, Baztango jaki eta plater tipikoek osatua zen: Baztan zopak, Piperrada, Arkumea txilindron erara, Azpizuna zainzuri saltsarekin eta Sagar tarta bainilla izozkiarekin.

Mexico Baztango Eguna 2014

[Jo eta ke bazkaria prestatzen Mexikoko Euskal Etxean (argazkia MexikoEE)]

Giroa ederra izan zen eta txiki, gazte zein helduak gustura ibili ziren. Bazkalostean batzuk musean jokatzen aritu bitartean, beste batzuk solasean segitu zuten, aspaldiko lagunak agurtzen, eta gutxi batzuk dantza egitera ausartu ziren.

Mexico Baztango Eguna 2014 2

[Euskal Etxeko frontoia bete egin zen bazkariko mahaiekin (argazkia MexikoEE)]

Mexico Baztango Eguna 2014 3

[Gazte asko bildu ziren bazkari eta festara (argazkia MexikoEE)]

Mexico Baztango Eguna 2014 4

[Dantzan ere aritu ziren zenbait, bazkalostean (argazkia MexicoEE)]

Argazki eta bideo gehiago, Mexikoko Euskal Etxearen facebook orrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia