Donostia-San Sebastian. "Hamaika Gara-Somos multitud" egitasmoak erabakitzeko eskubidea erreferendum bidez gauzatzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso bilketa masiboa bultzatzen du."Euskal Herrian eskubide honen alde dagoen jarrera nagusia ikustaraztea du helburu, eta Euskal Herriko lurralde desberdinetan urrats eraginkorrak ematea". Sinadura bilketa Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan egingo da, eta baita ere Ipar Euskal Herrian eta Diasporan ere.
Ekimenaren arduradunen hitzetan, “Eskubide osoa dugu gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eta sinetsita gaude indarrak batzen baditugu lortuko dugula horretarako beharrezkoak diren tresnak geureganatzea. Horregatik, egitasmoak Gure Esku herri mugimenduaren eta alor anitzetako eragileen arteko elkarlana eta sarea ditu oinarri”.
Solasean EuskalKultura.eus-ekin, Irati Elizalde egitasmoko komunikazio arduradunak adierazi du "oso garrantzitsua" dela deialdi honetan "Diasporaren partaidetza". "Sinadura eta atxikimendua edozein dispositibotik egin daiteke, munduko edozein bazterretatik". Sinadura erreferendumaren aldeko konpromiso adierazpen moduko bat da eta hemendik egin daiteke.
Sinatzeko epea 2021eko ekainera arte egongo da zabalik –pandemia egoerak markatutakoa gora-behera– eta tarte honetan hainbat ekitaldi burutzeko asmoa dago ekimena bultzatzearren. Lehenengoa egin berria da, urriaren 31an, Durangon, Altxa! izen/lelopean. Ekitaldiak kulturako 23 eragile eta Hamaika Gara ekimeneko bultzatzaileak bildu zituen. Bideo baten bidez Diasporak ere izan zuen ordezkaria bertan, Argentinatik Julieta Gaztañaga antropologoak mezu bat bidali baitzuen. Ekitaldi osoa ikusteko linka, hemen. Ikusteko 3,60 euro ordaindu behar dira.
[Altxa! ekitaldiko bideoa]
Egitasmoari eta sinadura bilketari bultzada emateko, ‘Hamaika Gara’ abestia eta bideoa sareratu dira. Abestia 'Dupla' bikote arabarrak eta Itziar Ituño aktore eta abeslari bizkaitarrak kantatzen dute (ikus bideoa).
['Hamaika gara' abestia]