euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamaika euskal idazle eta olerkariren lanak ingelesez eta mazedonieraz eskuragai interneten, Diversity webgunean

2007/10/05

Ana Urkiza 'Diversity' webgunean testua ipini duen euskal idazleetako bat da (argazkia ZaldiEro)
Ana Urkiza 'Diversity' webgunean testua ipini duen euskal idazleetako bat da (argazkia ZaldiEro)

PUBLIZITATEA

Nazioarteko Pen Klubak (munduko idazleen elkartea) aurrera daraman Diversity proiektuaren helburua mundu osoko literatura hainbat hizkuntzatan eskaintzea da. Ekimen honen baitan Miren Agur Meabe, Pako Aristi, Ricardo Arregi Diaz de Heredia, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe, Edorta Jimenez, Mari Jose Olaziregi, Gerardo Markuleta, Ixiar Rozas, Ana Urkiza eta Iban Zalduaren testuak jarri dituzte Diversity-ren webgunean. Nazioarteko Pen Klubaren TaLRC batzordea (Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordea) Orhiden-en, Macedonian, bildu zen eta Diversity proiektuaren hiru urteko plan estrategikoa onartu zuen. Euskal Pen kluba ere bertan egon zen.
Urtero bi bilera egiten ditu TaLRC-ek eta iraileko azken honetan Paul Bilbao Euskal Pen Klubeko kide eta aldi berean Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan da Euskal Pen klubaren ordezkaria. Bilbaok batzorde horretan iaz sortutako hizkuntza gutxituen taldea ere koordinatzen du. Aurtengo bileran bi ekimen nagusi adostu dira: alde batetik, hizkuntza gutxituen taldearen lana aztertzea eta bestetik hizkuntza gutxituen hizkuntza eskubideen egoera agertzen duen liburua aurkeztea.

Baina Diversity webguneak ezusteko opari polita eskaintzen dio euskalduna izan gabe euskal literatura garaikidea dastatzeko guraria duen irakurleari, Laura Mintegik eginiko Basque Anthology of Poetry & Short Story (Euskal poesia eta ipuinaren antologia) baitaratu baitu bere edukietara Euskal Idazleen Elkarteko orrialdetik, eta jatorrizko testu euskaldunari eta itzulpen ingelesari, mazedonierazkoa emendatu baitio.

Diversity-ren asmoa ekimen hau gauzatzerakoan, hedatzea eta bereziki hizkuntza gutxituetan egiten den literaturari mundu osorako bidea eskaintzea baino ez da. Horixe da, esaterako, euskara, katalana eta gaelikoaren kasua. Paul Bilbaok Euskalkultura.com-i adierazi dionez, proiektua dinamikoa izateko asmoz jaio da eta urtetik urtera testu gehiago emendatzekotan dabil Diversity.


Lotura interesgarriak

Diversity webgunea
www.diversity.org.mk

Basque Anthology of Poetry & Short Story
www.diversity.org.mk webgunean

Euskal Pen Klubaren webgunea
www.euskalpen.org

Euskal Idazleen Elkartearen webgunea
www.idazleak.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia