euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamaika Euskal Etxek munduan barrena ospatuko dute Euskal Diasporaren Eguna 2024: jakin nahi non, nork, zer?

2024/09/06

2024ko Euskal Diasporaren Eguna munduan
2024ko Euskal Diasporaren Eguna munduan

PUBLIZITATEA

Donostia. 2018ko irailaren 8an ospatu zen lehendabizikoz Euskal Herrian eta munduan "Euskal Diasporaren Eguna". Data aukeratzeko prozesuan munduko euskal gizataldeek hartu zuten parte eta geratu ziren azken proposamenen artean Juan Sebastian Elkano ‘euskaldun unibertsalak’ munduaren bira bukatu zuen egunarena hautatu zen. Geroztik, urte hartatik beretik, irailaren 8a —batzuetan egunen bat lehenago edo egunen bat geroago— data bilgarri bat bilakatu da, eta gero eta gehiago dira munduan bateko edo besteko ekitaldi eta proposamenak antolatzen dituzten euskal etxe eta elkarteak, beti ere Diasporak Euskal Herriari, euskal errealitateko parte bezala, historian egin dion eta gaur egun egiten segitzen dion ekarpen eta isuria azpimarratu eta aldarrikatzen dutenak.

Aurtengoan, Santiagon, Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeak aurreratu egin zuen bere ospakizuna eta bateratu egin zituen Arantzazuko Andre Maria (irailaren 9a) eta Euskal Diasporaren Eguna (irailaren 8a), batera ospatuz abuztuaren 25ean. Logistika kontuak nonbait. Euskal Etxeko kideak Las Condeseko Estadio Español-en bildu ziren goizean, eguna Meza batekin hasiz, eta ondoren bazkaria partekatuz. Euskal etxe eta elkarte gehientsuenek, baina, irailaren 8ko asteburuan ospatuko dute. Asko direnez, eta berez luzea den artikulu hau gehiago ez luzatzearren, Argentinako hitzorduak beste artikulu honetare bildu ditugu. Bestalde, urtero Euskal Herrian lehendakaria buru egiten den ekitaldi instituzionala, aurten Oñatin egingo dena, beste artikulu honetan kontsulta dezakezu.


Txileko Euskal Gizataldea EEak abuztu hondarrean ospatu zuen Diasporaren Eguna bazkari batez

Txiletik atera gabe, Santiagoko Euzko Etxeak irailaren 7an, larunbata, egingo du bere jaia. Hirian dauden Erasmuseko eta trukeko ikasleak, eta bertan praktika profesionalak egiten ari diren Euskal Herriko gazteak gonbidatuko dituzte eta Euskal Herriko eta Txileko kultur adierazpen eta osagaiak izango dituen elkarretaratzea partekatuko dute; aurreskua dantzatuko da eta bertakoek Txileko dantza nazionala den ‘Cueca’ erakutsiko diete euskaldunei. Jolastu eta abestu ere egingo du taldeak. Hitzordua, Euzko Etxean bertan. Limako Euskal Etxeak, Perun, irailaren 3tik 12ra ospatuko du aurten. Honako ekimenak egingo dituzte: euskara klase magistrala (irailak 3), euskal sukaldaritza klasea (irailak 4), ‘La Ruta Vasca’ liburuaren aurkezpena (irailak 5) eta afari erraldoi bat eta Abesbatzaren emanaldia Euskal Etxean (irailak 7), meza (irailak 8), 'Copa Diaspora' Mus Txapelketa (irailak 10); eta Zinema, Irati pelikularekin (irailak 12).

Perun ere, Trujilloko Euskal Etxeak hiru hitzordutara gonbidatzen du: irailaren 6an 19etan, hitzaldia eta topa-egitea egingo du; irailaren 7an 8etan, Cuscoko Virgen del Juncal Euskal Etxea lagun, erakusketa birtuala plazaratuko du (2023-24ko Diaspora Graduondoko eta Diasporako hainbat erreferente partaide). Irailaren 8an, bisita antolatu du Huamachuco herrira (bertan euskal jatorrizko familia asko bizi dira), eguneko egitarauko parte izanik meza, eta erakusketa Herri Auditoriumean, bazkaria eta ibilbide turistikoa). Kolonbiako Antioquiako euskal gizataldeak, Gure Mendietakoak Euskal Etxeari dagokionez, irailaren 7an ospatuko du Caldasen, “El ideal de lo vasco en la literatura antioqueña: huellas, mitos, introtipos y estereotipos” liburuaren aurkezpenarekin. Hitzordua, El Celler del Duc jatetxean, 18etan.

Montevideotik, hiru proposamen heldu zaizkigu: Haize Hegoa Euskal Etxeak hiriko zenbait eskola bisitatu ditu irailaren lehenengo astean, ikasleen artean Euskal Herriari buruzko informazioa zabaltzeko. Irailaren 8an bertan, bazkari bat antolatu dute Euskal Etxearen egoitzan, dantzak, musika eta María Noel Abella Aiscarren interbentzio artistikoa barne. Euskal Erria Euskal Etxeak, bere aldetik, ‘Aitona-amonek kontatzen didate’ izenburuko bideo erakusketa antolatu du. Horrez gain, pilotako barne txapelketa egingo dute irailaren 7an, eta liburuak eta irakasleentzako material dohaintza bat eskuratuko diote dute Euskadi Eskolari. Euskaro Euskal Etxearen kasuan, Bingo bat egingo dute irailaren 7an eta irailaren 12an, iluntzeko 7etan, omenaldi bat propio egin nahi izan diote Diasporaren Eguna kari joan den apirilean Euskal Herrian zendu zen Jose Antonio Ardanza lehendakariari, Uruguaiko euskaldunak gertutik ezagutzen baitzituen. Hitzaldia emango du lehendakariaren figuraz Juan Pedro Arinek.

Uruguain oraino, baina Salto hirian, bertako Saltoko Euskaldunen Taldeak Cenur Regional Norte, Udelar, ANEP, eta UTU elkarteekin batera, hitzaldi bat antolatu du Euskal Diasporaren Eguna ospagai. Martín Gamboa lizentziatuak “El boom de los restaurantes Vascos en Montevideo (1988-2011). Entre el turismo culinario, el turismo de negocios y el turismo urbano" izenburuko hitzaldia emango du, irailaren 6an, arratsaldeko 7:30etan, Instituto Alta Especialización-en. 

Brasilgo Sao Paulon Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak Diasporaren Eguneko bazkarira gonbidatu du irailaren 8an, Churrascaria Estância Campo Belo jatetxean. 

Venezuelan, berriz, Caracasko Eusko Etxeak bazkide eta lagunen arteko elkarretaratze batez ospatuko duela esan digu, baina egoera politiko konplikatuak segitzen duela-eta, ezin izan digute baieztatu data.

Estatu Batuetan, euskal etxe bakar batzuk ospatuko dute Euskal Diasporaren Eguna. Horien artean dira Seattlekoa. Bere Udako Piknikaren baitan egingo du, irailaren 8an Seattle Euskal Etxeak, eguerditik aurrera, Lake Sammamish Parkean. Sagardo dastaketa eta patata tortila osagai izango dira, jateko eta edateko beste hainbat kutixia, musika, mus partidak eta euskal giroarekin batera. Connecticut-en, New England Euskal Etxeak ‘Basque Fest / Euskal Jaia’ egingo du New London-en irailaren 7an CT Maritime Festival-en. Euskal sukaldaritza, kirolak, musika eta abarrekin. Euskal diasporaren esanahia eta errealitatea aipatuko dute, gonbidatu izango dituzteka AEB Mendebaldetik Amerikanuak musika-banda eta, euskal dantza alorrean, Boiseko Oinkari dantzarien talde bat.

Salt Lake Cityn, Utahko Euskal Etxeko lagunak Midvale-ko Union Park Pavilion-en batuko dira larunbatean. Mus Txapelketaantolatu dute 9:30etatik aurrera, eta arratsaldez apertifa eta 16etan Diasporaren Eguneko Afaria egingo dute senidetasun giroan EEko sukaldarien eskutik, arkume eta txorizo errea kutixi. Oregoneko Ontarion, Ontario Basque Club-ek bere bazkide eta lagunen sormen alderdia sustatzea erabaki du eta tokiko publikoarekin batera arte-bilera batera deitu ditu. Euskal Etxearen egoitzan ezarri duten hitzordura hurreratzen den partaide bakoitzari mihise bat, pintzela, lauburuaren txantiloia eta besterik emango diotela Diasporaren Egunaren ospagarri. Hitzordua, igandean 14etan.

Euskal etxe europarrek ere eutsiko diote Diasporaren Eguneko deialdiari eta Londresen, esaterako, London Basque Society euskal elkarteak irailaren 14an ospatuko du bazkari batekin Goodinge Community Center-en. Frantzian, Pariseko Euskal Etxeak, 8an ospatuko du, arratsaldean. Programa, 15etatik aurrera: "Euskaldunak Australian" erakusketa zabalduko dute; 16etan, Mus Txapelketaei ekingo; 18etan, Euskal Dantza tailerra hasiko; eta ez dira faltako taberna, pintxoak, taloak… Paueko Euskal Etxeak, berriz, "egun osoko eta adin guztientzako" programa prestatu du irailaren 8an bertan hauek ere: 11etan, meza Bizanosko Saint Magne Elizan; eguerdian, bazkaria Balavoine aretoan; eta egunean zehar jolasak, zozketak, dantzak eta kantak.

Berlinen, "udako giroa" probestuz, hiruburu alemaneko Gernika Kulturverein Euskal Etxeak ere bazkide eta lagunen piknik moduan antolatu du ospakizuna. Hitzordua hemen zapatuan, irailaren 7an, arratsaldeko 5etatik aurrera Tempelhofer Feld Parkean. Txakolina, Euskal Etxearen kontura agindu dute; bestelako edatekoak eta jatekoak, bakoitzak nahi edo ahal duena eramatea eskatu dute, guztiena guztion artean partekatzeko.

Mallorcan, irailaren 28an batera ospatuko ditu bertako Artea Euskal Etxeak Diasporaren Eguna eta Sineu-ko frontoiaren 75. urteurrena. Eguneko programa: lehenik pilota partrdak Bengoetxea-Aranguren / Urmeneta-Mikel Goñi pilotariekin, ahozko tradizioen lekukotasuna bertako ‘Glossadors’ek eta euskal bertsolariek ekarriko dute; trikia eta txalaparta ere han izango dira euren soinu eta aireekin; tiroa habailarekin ere egingo da; eta kantak eta pintxo potea ere osagai izango ditu hitzorduak. Madrilen, bertako Euskal Etxeko 'Sustrai' Dantza Taldeak eta Txistu Taldeak, EEko Orfeoiarekin lankide, "Axuri Beltza" prestatu dute irailaren 8an hiriburu espainiarreko Euskal Etxean aurkezteko. Valladoliden, irailaren 16ra aldatu du euren ospakizuna, urtero hiriko festekin kointziditzen baitu. Pilota partida bat antolatu dute Soto de la Medinillan eta ondoren elkarretaratze bat euskal elkartearen egoitzan.

Hiriburu europarrean, Bruselako Euskal Etxeak Sagardotegi Gaua antolatu du bere egoitzan. Hitzordua irailaren 14an ezarri du eta menua, sagardotegikoa noski, esan nahi baita bakailao tortilla, txuleta eta sagardoa! Bertaratzen direnek, baina, aurkezpen bat segitu ahal izango dute, Amaia Hormaetxea eta Endika Basaguren Diasporari lotutako bi dokumental ikusiz: "Txipli txapla pum Amerikatik" eta "Euskara Sukaldatzen", Argiarteko ikasleen euskararen esanahiari buruzko ilustrazioak pantailan. Hitzordua, iluntzeko 7ak, Euskal Etxearen egoitzan Saint Gillesen.

Australian, Sydneyko Gure Txoko Basque Clubeko lagunek bi baten prezioan emango digute, eta gogo handiz eta behar bezala ospatzeko bildu dituzte Euskal Diasporaren Eguna eta eurentzat tradiziozkoa den San Fermin Txiki festa. Izan ere, horregatik partehartzaileei txuirz eta gorriz jaztea eskatu zaie. Etxeko sukaldariak luzituko dira zalantzarik gabe eta kalimotxoak ere bere aldare berezia eukiko du.

(ez baduzu zeure euskal etxeko hitzordua atxematen, idatzi mesedez informazioarekin info@euskalkultura.eus-era. Bestalde, ez ahaztu Euskal Diasporaren Eguneko hitzorduak, ohi bezala gure agendan errepasa ditzakezula egunero egunero euren xehetasunekin)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia