euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamaika Bideren webguneak Sebastian de Amorrortu euskaltzale handiaren biografia sareratu du

2008/08/04

Sebastian de Amorrorturen biografia Hamaika Bideren webgunean
Sebastian de Amorrorturen biografia Hamaika Bideren webgunean

PUBLIZITATEA

Hamaika Bide elkarteak edukin berriak aurkeztu ditu bere webgunean, beti ere erbesteko euskaldunen historia eta ekarpenak ezagutzera emateko lanetan. Azken berritasunen artean webguneak Sebastian de Amorrortu (Bilbo, 1867-Buenos Aires, 1949) euskaltzale handiaren biografia dakar, 'Hileko pertsonaia' atalaren barruan. Beste edukin batzuk ‘Ernestina de Champourcin-Carmen Conde. Epistolario. 1927-1995’ liburuaren aipamena edo Ameriketan ibilitako bi lekeitiarren testigantzak dira.

Donostia-San Sebastián. Abuztu honetan Hamaika Bide Elkarteak bere webgunea eduki berriekin hornitu du, mundu osoko publiko interesatuari erbesteko euskaldunen historia eta lorpenak ezagutzeko aukera emateko asmoz. Webgunea iaz sortu zen eta harrez gero elkarteko kideek bertan plazaratu dituzte euren ikerketa, artikulu eta txosten asko. Webguneko atal nagusienetako bat Diasporako euskaldunen biografiak eskaintzen dituena da eta bertan agertu dira, gutxinaka-gutxinaka, eragin nabarmen izan duten erbesteko gizon eta emakumeen bizitzen kontakizunak. Azkena Sebastian de Amorrortu bilbotarrena izan da, 'Hileko Pertsonaia' bezala nabarmendua. 

Berritasunen artean agertzen diren beste edukin batzuk "Pruden eta Josefa. Migrazioen bi adibide”, Ion Mendizabalen artikulua edo Jose Ramón Zabalak "Ernestina de Champourcin-Carmen Conde. Epistolario. 1927-1995" liburuari buruz egiten duen aipamena dira. Beste artikulu bat Jose Angel Ascuncek eta Jose Ramon Zabalak idatzi duten "Fuentes para el estudio del exilio vasco" da, 1936ko erbesteari buruzko datuak bilatzeko iturrien zerrendatzea. Azkenik, 'Datos para la historia' atalean Mikel Rodriguezek “Alfredo Ruiz. Un donostiarra en la hora D” aurkezten du, II: Mundu Gudan ibili eta orain gutxi hil den Alfredo Ruiz gipuzkoarrari eginiko elkarrizketa.

Sebastian de Amorrortu, pertsonaia erabakigarria

'Hileko pertsonaia' atalean, Hamaika Bideren webguneak Sebastian de Amorrortu bizkaitarra, euskal erbesteak Argentinan izan zuen babes eta indarraren oinarrietako bat izan zela azaltzen du. Amorrortu Bilbon jaio zen 1867an eta argitaldaria zen ogibidez. Jaioterrian 'Euzko Indarra' argitaletxea sortu zuen eta  'Bizkaitarra' egunkarian Sabino Aranaren lehen artikuluak argitaratu zituen. Jazarpen politikoaren ondorioz egunkaria itxi egin zioten eta 1910ean Amorrortuk Argentinara erbesteratzea erabaki zuen. Bahía Blancan hilabete batzuk egin ostean, Buenos Airesen finkatu zen.

Langile nekaezina, 1915 bere argitaletxe propioa sortu zuen, pixkana finko eta sendo hazi zena. Buenos Airesen euskal komunitatearen kide oso aktiboa bihurtu zen eta 36ko gudaren ondorioz erbesteratu kopuru handia heldu zenean laguntzaileetakoa izan zen. Erbesteratu horiekin heldu ziren Ixaka Lopez Mendizabal eta Andres Irujok Ekin argitaletxea sortzeko laguntza eskatu ziotenean, Amorrortuk zalantzarik ez zuen izan eta dirua eman eta bere moldiztegia jarri zuen heien zerbitzuan. Ekin erbesteko euskaldunen lanak argitaratu zituen erreferentziazko argitaletxea izan zen. Amorrortu 1945ean hil zen Buenos Airesen eta euskal komunitateak, omenaldi desberdinen artean, bere izena eman zion Laurak Bat Euskal Etxeko areto nagusiari.

Informazio gehiago, Hamaika Bideren webgunean, hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia