euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamabi egun baino ez dira gelditzen Gaztemunduko bekak eta Diasporan bira kulturaletarako laguntzak eskatzeko

2008/01/25

Gaztemundu 2006ko partaideak jardunaldietako batean, Gasteizen (argazkia EuskalKultura.com)
Gaztemundu 2006ko partaideak jardunaldietako batean, Gasteizen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bizkor ibili behar dute aurtengo Gaztemundu programan parte hartu nahi duten Diasporako gazteek, eta baita ere euskal etxeak dauden lekuetan bira kulturalak egin nahi dituzten euskal artistek ere. Izan ere, Jaurlaritzak eskaintzen dituen laguntzetarako eskariak aurkezteko epea otsailaren 4an bukatuko da, hamabi egun barru. Artikulu honetan laguntzak eskatu ahal izateko ze baldintza dauden eta ze agiri aurkeztu behar diren gogoratzen dugu.
Gaztemunduko neska-mutilen jardueren berri duzu eta programa honetan aurten parte hartuko duten 30 kideetako bat izateko gogoa duzu? Zure trebakuntza Euskal Herrian osatu eta Argentina, Estatu Batuak, Uruguai, Mexiko edota beste herrialde batzuetako euskal gazteak ezagutu nahi dituzu? Bada otsailaren 4a bitarteko epea duzu Gaztemundu 2008an parte hartzeko eskabidea aurkezteko.

Gaztemundu 18 eta 30 urte bitarteko Diasporako gazteei zuzendua dago. Partehartzaileak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi beharko dute, eta Euskal Etxe bateko kide izan azken hiru urteetan gutxienez. Hogeita hamar gaztek 2008ko uztailaren 1etik 15era Euskal Herrira etorri eta egonaldi honetan euren euskal etxe eta komunitateak biziarazteko eta dinamizatzeko erak ikasi eta ekimen berriak garatu eta eztabaidatuko dituzte.

Eskatzaileek lan bat egin eta aurkeztu beharko dute, honako gaiaz: 'euskal musika autoktonoko tresnen erabilpenari dagokionez, euskal etxeko egoeraren diagnostikoa norberaren inplikazioaren ikuspegitik: gaurko gabeziak eta gerorako ikuspegia', deialdiak zehazten duenez. Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan, lurralde ordezkaritzetan edo Jaurlaritzaren kanpoko ordezkaritzetan aurkeztuko ahal izango dira. Deialdiaren oinarriak eta inprimakiak, hemen.

Bira kulturaletarako laguntzak

Euskal Diasporan euskal kulturaz gozatzeko grina eta zaletasuna egon ohi da eta bertakoek abegikor hartzen dituzte euskal artistak. Proposamen oso desberdinek ongi etorria izaten dute: berdin rock musika zein klasikoa, edota euskal dantzak, antzerkia, txalaparta, mintzaldiak... Abentura honetan parte hartu eta atzerriko euskaldunekin harremanak estutu nahi dituzten artistek datorren otsailaren 4era arte dute epea Jaurlaritzak bira hauetarako eskaintzen duen laguntza eskatzeko. Laguntzak bira bidaiaren garraio gastuak ordaintzeko izango dira.

Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan, lurralde ordezkaritzetan edo Jaurlaritzaren kanpoko ordezkaritzetan aurkeztuko ahal izango dira. Deialdiaren oinarriak eta inprimakiak, hemen topa daitezke.


Lotura interesgarriak


Gaztemundu 2008 eta bira kulturaletarako epea irekita
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 18an

Amerikako 30 gazte 2007ko Gaztemundun
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 2an

Plaza & Garmendia txalapartariak AEBetan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 28an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia