euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Halloween euskal erara: Akelarrera deitu ditu kideak Coloradoko Euskal Etxeak urriaren 19an

2008/10/06

Mendiko Jaian parte hartu zuten euskal etxeko kide batzuk (argazkiak ColoradoEE)
Mendiko Jaian parte hartu zuten euskal etxeko kide batzuk (argazkiak ColoradoEE)

PUBLIZITATEA

Coloradoko Euskal Etxea sasoi ederra bizitzen ari da eta kideen artean adiskidetasun sare estuak sortu ditu, euskara ikastaroei eta beste zenbait ekimenei esker. Horren adibide ona izan zen elkartearen azkeneko urteroko 'Mendiko Jaia', kide ugari bildu baitziren bertara, asko familia gazteak euren seme-alabekin. Elkartearen etorkizun oparoaren seinale izan daiteke hori, baina badaezpada --eta gorde beharreko tradizioak sortze aldera-- elkarteak hilaren 19rako deialdi berria egin du: Halloween... euskal erara, akelarrea alegia.

Arvada, Colorado, AEB. Coloradoko Euskal Etxea oso elkarte gaztea da --2003an sortu zen-- baina urte hauetan kideen arteko sare estu bat sortzea lortu du, euskara ikastaroen eta beste ekimen batzuen bidez. 'Gure klubak elkarrekiko oso desberdinak diren kideak ditu', azaltzen dio Mary Ann Matassak EuskalKultura.com-i. 'Garai latzak izan ditugu, hemen ez genuelako urte askotako tradizioa zuen euskal komunitate finkorik, baina orain ari gara harreman horiek sortzen'. Matassak azaltzen duenez elkarteko kideen artean denetarik dago, Euskal Herritik immigratu duten gazteak zein Juan de Oñate historikoarekin etorri ziren euskaldunen ondorengoak.

Elkartearen ekimen garrantzitsuenetako bat euskara klaseak dira, Ibon Izurieta bilbotarraren gidaritzapean. Euskal kultura elkarteko kideen artean eta Coloradoko biztanleen artean ezagutzera ematea du helburu elkarteak eta asmo horrekin aurten lehen aldiz jai berezi bat ospatzea erabaki dute. Halloween eta euskal kultura? Harremanik ba ote? Ba bai, euskal etxeak Estatu Batuetan hain ezaguna den jai hau euskal erara ospatzea erabaki baitu: Akelarre bat egingo dute eta kideei euskal pertsonaia mitologikoz mozorrotzeko eskatu diete. Mozorroaren bila ikertu bitartean, euskal mitologiari buruz ikasiko dute, beraz.

Elkarteak egin zuen azken ekitaldietako bat  V. Mendiko Jaia izan zen, abuztuaren 23an. Jaia Denver hirian egin zuten, Rocky Mountains-en (Mendi Harritsuen) magalean, hortik izena. Elkarteko kide asko bildu ziren piknik honetara, antolatzaileek prestatu zuten barbakoa eta jardueretaz gozatzeko prest. Jarraian ekitaldiko argazki batzuk eskaintzen ditugu:

Mendiko Jaia 2008 (1)

[Elkarteko kide gazteenak Mendiko Jaian, euskal etxeak etorkizun oparoa duela erakutsiz (argazkiak Colorado EE)]

Mendiko Jaia 2008 (2)
[Mendiko Jaiara bildu zen familia bat]

 

Mendiko Jaia 2008 (3)
 [Barbakoan eginiko kutixiak dastatzen]

Mendiko Jaia 2008 (4)
[Jaian elkartearen alde lan egiteko astia topa zuten asko izan ziren]

Mendiko Jaia 2008 (6)
[Etxeko txikienak ere bildu ziren Mendiko Jaira]


Colorado Euskal Etxeari buruzko informazio gehiago hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia