euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haizebegi jaialdiak islandiako Baskasetur proiektua solasgai hartu eta euskal baleazaleen bertako presentzia jorratu zuen

2024/11/04

2024ko ‘Haizebegi' jaialdiak Baskasetur proiektu euskal-islandiarrarekin lotutako hainbat jarduera batu ditu
2024ko ‘Haizebegi' jaialdiak Baskasetur proiektu euskal-islandiarrarekin lotutako hainbat jarduera batu ditu

PUBLIZITATEA

Baiona, Lapurdi. ‘Haizebegi, musikaren munduak’ izeneko arte, zientzia eta gizarte jaialdia pasa den urriaren 3tik 13ra egin da aurten, Baionan. Hamar eguneko programa barruan Baskasetur proiektuari lotutako hainbat jarduera burutu ziren jaialdiaren bigarren astean. Gogoratu Baskasetur proiektua Islandian euskal zentro bat sortzeko xedearekin sortu zela, irlaren mendebaldeko fiordoen Strandir eskualdeko Djupavík herrian, bertan aberatsa izan zen euskaldunen eta islandiarren arteko harreman historia landu eta sustatzeko.

Euskal elkarte berri honek leku berezia eman nahi die Islandiako kostaldean euskal arrantzaleek utzitako aztarnei: nabigazio teknikak, baleen ehiza, kultur trukea eta hizkuntzalarientzat bereziki interesgarria den euskaldunen eta islandiarren artean sortutako pidgin-a. Asmo honekin euskal kultura eta musikari buruzko erakustaldia antolatu zuen zentroak joan den ekainean. Ez ahaztu euskaldunen eta islandiarren arteko harremanek zoritxarreko mugarria izan zutela 1615ean gertatutako ‘Spánverjavígin’ izeneko sarraskiagatik (ikus hemen hori aipatuz argitaratu genuen artikulu bat)

'Haizebegi' jaialdia 2024

Jaialdiak baitaratu zituen jardueren artean, urriaren 10ean ‘Islandia, ozeanoa eta sua’ hitzaldia eskaini zuten Catherine Chambers ozeanologoak eta Bénédicte Menez geomikrobiologoak; Jouon Herleren ‘Islande, la quête des origines’ dokumentala ere proiektatu zuten. Urriaren 11an Viola Miglio hizkuntzalariak eta Mathilde Morin antropologoak "Euskal balezaleen sarraskia (Islandia, 1615)" hitzaldia jendaurretu zuten. “Le récit véridique de Jón Guðmundsson lærði sur le massacre des baleiniers basques en islande en 1615” ikuskizuna, berriz, Elfar Logi Hannesson aktore islandiarrak aurkeztu zuen euskarazko eta frantzesezko azpitituluekin.

Urriaren 12ko ekitaldietan Frantzian Islandiako enbaxadorea den Unnur Orradóttir Ramettek ere hartu zuen parte. Baionako René Cassin lizeoko kantu tailerreko musikariek eta Umbra talde islandiarrak musika jarri zioten jardunaldiari. Frantziako, Euskal Herriko eta Islandiako Kultur erreferenteek Djupavik-eko euskal zentroari buruz hitz egin zuten. Viola Migliok, ostera, pidgin euskal islandiarra hartu zuen ardatz bere hsolasean. Eta Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriako sortzaile eta presidenteak euskal arotzei buruz hitz egin zuen eta Umbra taldeak kontzertu bat eman zuen. ‘Haizebegi’ jaialdia urriaren 13an bukatu zen aipatu errezitalarekin eta Albaola bisitatuz Pasaian.

Gogora dezagun Baskasetur proiektuan honako elkarte hauek ari direla lankide: "Basque Association in Iceland" elkartea; 'University Centre of the Westfjords' unibertsitatea, Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Haizebegi.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia