euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haizeak eta olatu erraldoiek kalte handiak sortu dituzte Euskal Herriko kostetan: irudi eta bideo ikusgarriak

2008/03/13

Irudian, Zumaiako kai-muturra olatuen azpian
Irudian, Zumaiako kai-muturra olatuen azpian

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko kostako herri eta hirietako kaleak kalte ikaragarriekin esnatu ziren asteartean Kantauri itsasoko haize eta olatu erraldoiek sortutako hondamendiarengatik. Donostia eta Zarautz, herri batzuk aipatzeagatik, arras kaltetuak izan ziren, baina Bizkaian (Bermeo, Getxo, Ondarroa...) eta Lapurdin ere (Donibane Lohizune, Hendaia, Baiona...) kalteak eta material galtzeak agerikoak izan ziren. Zorionez, ez zen biktima pertsonalik egon gertaera natural ikusgarri honetan.
Bederatzi metro altuerako olatuekin kostan eta hamabost metro baino gehiago itsas zabalean, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeak kale suntsituekin esnatu behar izan zuen asteartean. Donibane Lohizundik Muskizerainoko bidean, itsasoak 50 txalupa baino gehiago suntsitu zituen soilik Donostian, Bermeoko dozena bateko legatz-ontzien lokailuak hautsi zituen, Muskiz-Zierbenako La Arena hondartza aurretik eraman zuen eta Kobaraneko kargatzeko tokia desagertarazi zuen. Lehorrean oinezkoentzako pasealekuetan zulo erraldoiak, kotxeak pilatuta eta lokal eta etxabeak urperatuta ikus zitezkeen. Itsasoaren eraso indartsuak aparkalekuetan, ostalaritza eta aisialdi ekipamenduetan, hiriko altzarietan eta komertzio lokaletan jokatu zuen bortitzen.



Donostiako kalte materialak 12 milioi eurokoak dira, Gipuzkoako hiriburuko Udalaren lehen balorazio estraofizial baten arabera. Gertatutakoa ondoren, Odon Elorza alkatearen hiru ardurak hauek dira: Aste Santuan itxi beharko diren zenbait lokalen kasua; Paseo Berrian sortu den zulo erraldoia; eta kalte-ordainen gaia, kaltetuek lehen bait lehen eta dagokiena jaso dezaten. Bizkaiko kasua ezberdina da. Ez dira ausartu oraindik kalte materialei zifra zehatzik ipintzen. Bizkaiko portuen arduradunak aipatu duenez, lehen momentuan pentsatzen zena baino handiagoak dira kalteak. Hona hemen, probintziaz probintzia, kalteen azterketa:

Lapurdi

Baionako portua itxi behar izan zuten asteartean olatuengatik eta itsasoak Hendaiako zentroraino enbor handiak eraman zituen. Donibane Lohizune tokirik kaltetuena izan zen. Portuan jasandako kalteez gain, Heliantal talasoterapia zentroa txikituta geratu zen 50 pertsonen lanpostua arriskuan jarriz. Lokalaren 3.000 metro karratuek urez eta hondarrez estalita esnatu ziren. Leiho apurtuak, masaje kabina eraitsiak, aparailu eta tresna berri-berri asko alferrik galduak... Horiek dira herri lapurtarrean ikusi ahal izan zena.

[Donibane Lohizuneko Heliantal talasoterapia zentroak kalte ugari izan zituen (argazkia Gara)]

Gipuzkoa

Gipuzkoako hiriburua olatuengatik gehien zigortuetakoa izan zen. Zarautz eta Donostia aipatu behar dira, hain zuzen ere, itsasoak bere bidean aurkitu zuen guztia aurretik eraman baitzuen: autoak, motoak, barandak, lurra bera... Hiriburuaren kasuan, ura Alde Zaharreraino iritsi zen portalak, lokalak eta garajeak urperatuz.

[Irudian, Zarauzko malekoia enborrez eta itsasoak ekarritako objektuez beteta (argazkia Lorentxo Portularrume)]

[Zarauzko hondartzako pasealekuko baranda bat oso kaltetua geratu zen (argazkia Lorentxo Portularrume)]

Arrastaka hartu eta iraulitako autoez gain, olatuek arazo larriak sortu zituzten Donostiako portuan. 50 bat ontzi urperatu edo desagertarazi zituen itsasoak. Bestalde, Kontxako eta Santa Katalina zubiko barandak eta itsaso ondoko altzari guztiak apurtu zituzten olatuek, Nautikoa adibide gisa. Ura Udaletxeraino iritsi zen.

[Donostiako Paseo Berriko irudiak ekaitza ondoren (argazkia Efe)]

[Irudian, ura Nautikotik sartzen da (argazkia Pako Kastellanos)]

[Donostiako Alde Zaharreko kaleak urez gainezka agertu ziren (argazkia Euskadi Irratia)]

Bizkaia

Bizkaiko probintzia, Gipuzkoarekin batera, Euskal Herriko kaltetuena izan zen. Bakioko kaleak eta lokalak urez beteta zeuden ekaitzarengatik. Ertzaintzak emakume bat erreskatatu behar izan zuen etxea urez bete baitzitzaion ibaiaren igoerarengatik. Bermeo eta Ondarroako portuetan, olatu erraldoiek hondamendi handiak sortu eta hainbat ontzi urperatu zituzten.

[Bermeoko portuan ekaitzak eragin zituen kalteak (argazkia Eitb24.com)]

Bermeoko portuan olatu-horma eta petrila 200 metrotan hautsi zen. Abenduaren 10ean tankerako arazoak eduki zituen, baina garai hartan ondo mantendu zen. Gainera, ura dike eta bigarren dike gainetik pasa zen kontzesionario eta kotxeetan kalteak sortuz. Ondarroako portuan, baxura arrantzako ontziak lotuta egon behar izan zuten. Olatu-horma ondoan dauden etxeek kalteak eduki zituzten, ontzitegi gurdien eraikuntza aberiatu zen eta barnean zegoen transformagailu bat hautsi egin zen, beste hainbat kalteren artean.


[Algortako portu zaharraren irudia, Getxon]

Lotura interesgarriak

Bideo eta argazki gehiago
Eitb24.com-en

Garan argitaratutako artikulua
Garan


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia