euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haizea Elizondo, irakurlea Mexikon: "Zera eskaini nahi dugu: euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko eskola eta giro atsegin eta eraginkorrak"

2018/07/24

Haizea Elizondo Gorroño, Euskara eta Euskal Kultura irakurle Mexiko Hiriko UNAM unibertsitatean (argazkia EI)
Haizea Elizondo Gorroño, Euskara eta Euskal Kultura irakurle Mexiko Hiriko UNAM unibertsitatean (argazkia EI)

PUBLIZITATEA

EI / Mexiko Hiria, Mexiko. Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletzek hainbat puntu amankomunean badituzte ere, leku bakoitzeko irakurleak eta ikasleek egiten dute berezi eta bakar irakurletza bakoitza. Mexikoko UNAM unibertsitate entzutetsuan ari da lanean Haizea Elizondo, euskara eta euskal kultura irakasten. Nola bizi dituzte gure hizkuntza eta kultura bertan? Hona kontatu diguna:

-Nola definituko zenuke euskara eta euskal kultura irakurlearen figura? 

Labur esateko, Euskal Herriaren eta gabiltzan herrialdearen arteko kultura bitartekari modukoak gara. Bitartekaritza horrek hiru lan ildo nagusi ditu: geure hizkuntza eta kultura ezagutaraztea, berorren gaineko interesa piztea eta gaioi lotutako bien arteko harremanak bultzatzea eta laguntzea. Baina bitartekaritza horrek lan eremu zabal-zabala du eta irakurletza eta unibertsitate bakoitzak berezitasun jakinak ditu. Batetik, diziplina akademiko anitzetan jardun behar izaten dugu eskoletan eta ekintza osagarrietan; bestetik, horri erantzuteko aparteko lan ugari egiten dugu (materialak sortu eta itzultzea, aholkularitza akademikoa, ekintzak antolatzea, ikerkuntza…) eta azkenik, arlo akademikoaz gaindiko beharrak ere izaten ditugu, irakurletzaren ardurari dagozkionak hain zuzen. Izan ere, irakurleak berak du irakurletzari buruzko informazio gehien eta ondorioz, berau da irakurletzaren bultzatzaile eta hobetze bidean arduradun. 

-Nolakoa da zure lana egunerokoan eta zure esperientzia irakurle moduan?

Egunerokoan asteroko eskolak, lan estrategikoak eta ekintza osagarrietarako lanak izaten ditut nahasian. Euskara eskolak eta kultura eskolak berezita ditugu gure irakurletzan eta horiek antolatzeko askatasun osoa daukagu forma aldetik. Unibertsitateko irakaskuntza-lan arrunta da, baina argi dago, baditugu 10.000 kilometrotara egotearen zailtasunak, besteak beste. Lan estrategikoak diodanean, irakurletzari berari lotutako lanez ari naiz. Badira erakunde harremanak, kultura diplomazia eta irakurletzari jarraipena egiteko lanak. Esate baterako, atal honetan sartzen dira unibertsitateko arduradunak irakurletzaren balioaz jabearaztea, aliantza estrategikoak bilatzea eta lantzea, lehentasunak zehaztea, hobetzeko proposamenak egitea, bitartekoak bilatzea… Beti da garrantzitsua alderdi hau lantzea. Aipatzekoa da UNAM kontinenteko unibertsitate handienetakoa izateaz gain, eskaintza akademiko aparta duela eta arte eta kultura eskaintza itzela duela bere kontzertu areto, zinema, museo eta antzokietan… Dimentsiotan galduta geratu gabe, ikuspegi eta lan estrategikoa ezinbestekoa dira gure irakurletza ikusgarri eta erakargarri egin ahal izateko. Nire kasuan, zoragarri nabil! Gogoz egin dut lan eta ez da beti erraza eta gozoa izan, hori hala da… Baina niretzat luxu hutsa da hain giro oparoan eta sustagarrian lan egin ahal izatea.  Maila egokian aritzeko beharrak ere emaitza ederrak ematen dizkit eremu pertsonalean. Ekarpen xumea egin eta aldi berean horrela hazteko aukera izatea liluragarria da!

-Zein profileko ikasleak dituzu? Zerk motibatzen ditu ikasle mexikarrak euskara ikastera?

Aniztasuna da nagusi ikasleen ezaugarriei dagokienez; 19 eta 83 urte artekoak izan ditut, baina gehienak 20 eta 35 urte bitartekoak dira; unibertsitateko ikasle, unibertsitateko langile eta unibertsitate kanpokoak; oso bestelako ikasketak eginak dituztenak;  generoan ere ez dago nabarmentzen denik… Oso talde heterogenoak izaten dira; joriak benetan! Ezerk batzen baditu lanerako konpromisoak eta ikastearen gozamenak batzen ditu. Gure ikasleak eredugarriak dira horretan. Ikasteko grinak motibatzen ditu. Oso jantziak izaten dira eta gure eskoletara ere jakiteko gogo hutsagatik baino ez dira etortzen gehienak. Hala ere, bada salbuespenik: 70 urteko herriminak ekarritakoa, hizkuntzalari amorratua, euskaldunen batekin maitemindu dena, doktore tesia gure eskolekin osatu nahi duena,  arbaso euskalduna duena, euskal musikazale sutsua… Esan bezala, salbuespen dira.

-Klaseez gain bestelako ekintzak antolatzen dituzue? Esaterako, iaz irabazle izan zineten AEKk, Korrikak eta Etxepare Institutuak elkarlanean antolatzen duten bideo lehiaketan. Nola bizi dituzte ikasleek horrelako ekimenak?

Antolatzen ditugu, bai horixe! Ekintzok ezinbestekoak bezain estrategikoak dira irakurletzetan. Ondorioz, unibertsitateak edota institutuak proposatutakoei erantzuten eta bestelakoak ere antolatzen saiatzen gara. Iazko Korrika bideo lehiaketaren kasuan, adibidez, Korrika bultzatu eta saria lortzeko aukera bat zen; eta saria zer izango eta Euskal Herrirako bidaia eta egonaldia barnetegian! Irabazi eta gure arteko lagun bat joan zitzaigun AEKko barnetegira; zoragarria izan zen bizipena. Dagoeneko hasiak dira datorren aldikoaz galdezka… Espero dugu hurrengoan ere aukera izatea! Baina Korrikaz gain, euskal idazleren batekin literatura topaketa egiten dugu urtero. Aurten Kirmen Uriberekin izan gara eta aurkikuntza handia izan zen askorentzat; bere lanaz haratago, euskal literaturarako grina itzela piztu zien batzuri. Hortaz, bestelako ekintzok harribitxiak dira guretzako. Batetik, gozagarri direlako, eskoletan landutakoak osatzeko eta komunitatea sendotzeko balio digutelako eta bestetik, irakurletza bera agerrarazteko eta elkarlan estrategikoak lantzeko aukera apartak direlako.

-Aurtengo kurtsoetarako izena-ematea zabalik duzue. Zerekin egingo dute topo matrikulatzen diren ikasleak?

Halaxe da, abuztu hasierara arte ibiliko gara horretan. Esan dudanez, gurean euskara eta kultura eskolak bereizita eskaintzen ditugu. Badago bietako bat ala biak egiteko aukera. Euskara eskolek komunikazio gaitasuna dute helburu eta ekintzetara bideratutako lanak egiten ditugu. Bestela esanda, euskalduntzearen egungo markoa Mexikora egokitzen dugu eta bizitzan lortu nahi izaten ditugun gauzak euskaraz zelan lortu, horixe ikasten dugu. Kultura eskolei dagokienez, helburu nagusia euskal gaiak ulertzeko eta interpretatzeko gakoez jabetzea da eta horretarako badira eduki batzuk ezinbestekoak eta disziplina anitzetakoak direnak, hari kronologikoan lantzen ditugunak. Gainontzekoak taldearen interesaren arabera egokitzen ditugu. Askotariko materialak erabiltzen saiatzen gara: artikuluak, bideoak, literatura, musika, artea oro har, hemeroteka, sarea. Iturria argituta, denak balio du! Hori bai, ezinbesteko dugu akademikotasuna zorrotz zaintzea. Hitz batean, zera eskaini nahi dugu: euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko eskola eta giro atseginak eta eraginkorrak. Osterantzean berez dute euskarak eta euskal kulturak nahikoa eta sobera eskaintzeko! Horiek guztiak deskubritzera gonbidatzen ditugu ikasleok.

-Zein gomendio emango zenioke irakurle berri bati?

Nire ikaspenetan eta bizipenetan oinarrituta, jardunari dagokionez, esango nioke ezinbestekoa dela irakurle lanaren dimentsioa eta eman beharreko maila argi izatea. Eskolak eman behar ditugu, kultura diplomazian jardun behar dugu, kultura ekintza osagarriak egin behar ditugu, materialak sortu eta egokitu behar ditugu, irakurletzaren gidaritzaren ardura geuk dugu… Eta jakina, zelako lanak, halako erantzukizuna. Lasai, zorionez halako ekarpena ere badelako! Ez dezala ahaztu jardunari ezinbestean dagoela lotuta jokalekua. Herrialdea, unibertsitatea eta bertan dugun lekua oso ondo ulertu beharra dugu eta, beraz, jokalekua aztertu, ulertu eta jarduna horrexetara egokitu. Edozein lanbidetan bezalatsu, horiez guztiez arduratzeko etengabe ikasten aritzeko prest egon beharra dago; bai eskoletako edukiez, bai metodologiaz, bai bitartekoez. Ez dugu ahaztu behar beste hark kantatzen zuena: “…inork ez zidan esan euskaldun izatia zein nekeza dan…”. Bada, ekarri hori, euskara eta euskal kultura irakurle baten jardunera. Hartu aintzat hiztun komunitate gutxitua garela eta horrek zeharo baldintzatu izan duela eta baldintzatzen duela gehienetan gure bilakaera, bai herri gisa eta baita norbanako gisa ere. Aztertu eta astindu horri lotutako konplexuak! Azkenik, egingo baduzu, ekin gogor eta fin lanari! Bitartean, itzel goza ezazu, zoragarria da eta!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia