euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haize Hegoa Euskal Etxea, euskal gizataldearen ordezkari Montevideon, Hiriko 19. Immigrazioaren Olinpiadetan

2023/06/15

Ezker-eskuin, Haize Hegoa Euskal Etxeko kide Mariel Fernández, Ana Aulet, Julio Poittevin, Viviane Adduino, Hayde Torales, Lucía Machado, Hugo Cagnoli eta Fabiana Lapeyre Olinpiaden inaugurazioan
Ezker-eskuin, Haize Hegoa Euskal Etxeko kide Mariel Fernández, Ana Aulet, Julio Poittevin, Viviane Adduino, Hayde Torales, Lucía Machado, Hugo Cagnoli eta Fabiana Lapeyre Olinpiaden inaugurazioan

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Uruguaiko Heleniar Gizataldearen egoitza, Montevideon, izan zen joan den maiatzaren 26an hiriburu uruguaitarreko 19. Immigrazioaren Olinpiadak inauguratzeko hautatutako lekua. Hiriko Haize Hegoa elkarteak hartu zuen parte euskaldunen ordezkari. Agintarien artean, bertan ziren, besteak beste, Kirolaren Idazkariorde Nazional Pablo Ferrari eta Montevideoko Udaleko Gorputz Hezkuntzako, Kiroleko eta Aisialdiko zuzendari Silvia Perez Mondino, eta honako gizataldeetako ordezkariak: gizatalde alemana, armeniarra, boliviarra, brasildarra, eslaviarra, heleniarra, hungariarra, italiarra, lituaniarra, portugaldarra eta euskalduna.

Inaugurazio ekitaldi bati dagokion zeremonia partea amaituta, gizataldeen plater tipikoen dastaketaldi batean hartu zuten parte bertaratutakoek. Haize Hegoako kide Mariel Fernandezek bereganatu zuen euskal ekarpenaren ardura, eta txistorra pintxoak hautatu zituen gainerako partaideekin partekatzeko gutizia legez.


Olinpiadetan lehiakide diren gizataldeetako ordezkariak, bakoitza bere herrialdeko banderarekin

Euskaldunak hasieratik partaide

Immigrazioaren Olinpiadak, Montevideon denboran zehar finkazen joan ziren kultura ezberdinak kirolaren bidez elkar hobeto ezagutu eta euren arteko harremanak areagotzeko sortu ziren. Jarduerak gizataldeek berek antolatzen dituzte, eta bi urtean behin egiten dira, gazte zein helduak hainbat diziplinatan nor lehen. Haize Hegoak lehenengo ediziotik, 1985etik, hartzen du parte euskaldunen ordezkari. Aurtengoan, Viviane Adduino eta Hayde Torales bazkideak dira antolaketan euskal ordezkari, eta Hugo Cagnoli bazkidea, berriz, Olinpiadetako diruzain.

Haize Hegoak edizioko diziplina guztietan hartuko du parte. Jokatutako lehena, truko txapelketa izan zen, bost bikotek parte hartuta, eta Hugo Cagnoli eta Haide “Kuka” Toralesek osatutakoak jarduera bikaina izan zuen. Beste 13 lagunek hartu dute konga lehiaketan eta datozen hilabeteetan eta abendua arte honako beste diziplinak landuko dira: futbola, saskibaloia, tenisa, backgammona, ping-ponga, tiroa, arrantza, botxak, boleibola, boloak eta kanasta..



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia