Buenos Aires, Argentina. Aberriarekiko eguna Argentinan. Hego Atlantikoko gatazkatik 43garrenez etaurtero bezala, apirilaren 2an, joan den asteazkenean, Malvinetako Gerrako Beteranoen eta Erorien Eguna ospatu zen. Herrialde osoan zehar ekitaldi ugari egin ziren Argentinak lehian dituen uharteen gaineko subiranotasuna aldarrikatzeko, omenaldia eginez gatazkan hil zirenak eta gerrak kaltetutakoak gogoan. Hainbat euskal etxe argentinarrek oroitzapen eta aldarrikapenean bat egin zuten Erorien gorazarre, Oroitzapenezko zeremonietan partaide, edota sare sozialetan aipatu eta zabalduz.
Lapridan, Daiana Dríes eta Emanuel Bayala gazteei egokitu zitzaien Lagunen Etxea Euskal Etxearen izenean bandera argentinarra eta ikurrina eramatea Malvinetako Irlak plazatxoan egin zen ekitaldi ofizialean; hain zuzen ere, bi euskaldunek, Laprida bertako Silvia Azpiazuk eta Coronel Pringlesko Eusko Biltzar euskal etxeko kide Mary Irigoyenek egindako eskultura daukan tokian. Hegoalderago, Trelew-en, Haraneko Euskal Etxeak Malvinetako Erorien monumentuan egindako ekitaldian hartu zuen parte, hiriko Mendeurrenaren Plazan. Bertan, ikurrinarekin egon ziren EEko Maria Esquiroz, Fernando Saldivia eta Lina Oroquieta. Bahia Blancan, bestalde, Union Vascako lehendakari Iñaki Ederrak ikurrina lagun aritu zen Malvinetako Heroien Monumentuan egindako ekitaldi ofizialean.
Chascomusen, Zingirako Euskaldunak EEak lore eskaintza egin zuen gudarien omenezko monumentuan
Villa María hiriak, bere aldetik, Malvinetako Heroien Monumentuan eman zion abegia Probintziako Oroitzapenezko Ekitaldi Handiari eta Desfile Nagusiari, Malvinetako Gerrako Beteranoen eta Erorien Egunean. Euzko Etxearen eskutik, euskal gizataldea presente egon zen, bere bandera, upel eta danborrekin, desfilean partaide, gudan borrokatu zutenei omenaldia eginez. Chascomusen, berriz, Maitena Lacoumette eta Francisca Carricart dantzari eta banderadunak Zingirako Euskaldunak elkarteko ordezkari egin zieten gorazarre Malvinetako eroriei eta beteranoei antolatutako ekitaldian eta Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko zenbait lagun, lore eskaintza egin zuten Atilio Bramuglia plazatxoan "Hiriko gudari eta Malvinak Uharteengatik gerran eroritako guztiak" oroitzearren. Maipún, Anaitasuna Euskal Etxeko “Egunabar” dantzari taldeko gazteak, haurren irakasle eta elkarteko batzordekide Soledad Gestidorekin batera, ikurrak eraman zituzten Burdinbidearen Plazatxoan, Malvinas monumentu ondoan egindako ekitaldian.
FEVAk ere bat egin zuen
Efemeridearekin bat egin zuten birtualki, besteak beste, General Belgranoko Gure Etxea, Buenos Airesko Laurak Bat, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea eta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat elkarteek. FEVAk ere hala egin zuen bere sareen bidez zabaldutako mezu batekin. “Aberri aske, zuzen eta burujabeekiko maitasun sakona” aldarrikatu eta aitortu zuen. Gorazarre eginez, halaber, "euren konpromiso, ausardia eta eskaintzarekin gure aberri maitea besarkatu zutenei".