euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal gizataldeak Buenos Aires hiriburu erdigunea bereganatu du 2014ko BAC-en baitan (I)

2014/05/13

''Buenos Aires Euskal Herria ospagai' jaialdiko ikurrinak Mayo Etorbidean (argazkia Verónica Ezcurra)
''Buenos Aires Euskal Herria ospagai' jaialdiko ikurrinak Mayo Etorbidean (argazkia Verónica Ezcurra)

PUBLIZITATEA

Argentinako hainbat euskal etxe eta erakundek hartu dute parte Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak antolatutako Buenos Aires celebra (Buenos Aires Euskal Herria ospagai) jaialdian. Hiriburuko Udala deitzaile eta babesle, Mayo Etorbidean gauzatu zen erakustaldia herenegun, maiatzaren 11an, eguerdiko 12tik arratsaldeko 5ak arte. Eguraldia batere lagundu ez bazuen ere, ehundaka lagunek bisitatu zituzten stand eta txosnak eta gozatu zuten ikuskizunaz. Atzoko aurkezpen artikuluaren ondotik, EuskalKultura.com-ek jaiari buruzko argazki kronika hasiko du gaurkoan.

Buenos Aires, Argentina. Euskal Herriko kultur adierazpen ugari ezagutu ahal izan zituzten joan den igandean Buenos Airesko Mayo Etorbidera bertaratu ziren lagunek. Festak helburu argia zeukan: euskal etxe barruetan egiten diren ekintzak kaleratu eta hiriburuko herritarrei erakustea. Jaia eguerdian hasi zen eta Iñaki Aramayok zuzendu zuen agertoki nagusitik. Arratsaldean zehar, mota askotako proposamenak eskaini ziren bi agertokietan eta kalean muntatuta zeuden standetan. Eusko Jaurlaritzako eta baita hiriko agintariek ere hartu zuten parte hitzorduan. Mandatari euskaldunen kasuan, Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzako buru den Sara Pagola eta Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga izan ziren. Buenos Aireseko Udalaren izenean, Claudio Avruj eta Julio Croci. 

2014ko BAC II 01

[Irudi esanguratsuenetako bat da, Euskal Echea Institutuetako ikasleen desfilearena. Ikurrina eta Argentinako bandera eramanez agertoki nagusiraino desfilatu zuten neska-mutilek, jaiari hasiera emateko (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 02

[Behin jaia hasita, musika eta dantzekin inauguratu zen agertoki nagusiko programa. Buenos Airesko Lagun Onak abesbatzak eta Jose M. Gutierrez txistulariak lagunduta Aurresku dantzatu zuen Mauro Uranga dantzariak. Horren ostean, Lagun Onak-ek bere errepertorioko beste abesti batzuk kantatu zituen, tartean Txoriak Txori eta Kattalin (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 03

[Dudarik gabe, festaren erakarpen nagusietako bat euskal sukaldaritza da. Hori dela eta plater tipikoak eskaintzen dituzten hainbat txosna ere egon ziren ‘Buenos Aires celebra’n, molde herrikoi zein jasoagoen isla. Irudian oso ezagunak diren San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko sukaldari eta paellak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 04

[La Platako Lazkao Jatetxeak ere izan zuen lekua 2014ko BACen. Standeko berezitasuna txistorra izan zen. Argazkian, Jose Boccardo sukaldaria (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 01 05

[Laurak Bat-en stand aurrean ere ilara luzeak sortu ziren eta paella jan ahal izan zen bertan (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 06

[Lomas de Zamorako Denak Bat-en jatetxearen txosnan, berriz, txistorra, babarrunak, tortilla eta enpanadak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 07

[Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegiko pintxoek gero eta ospe handiago dute. Jende asko hurbildu zen standera euskal mokadu hauek dastatzera (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 09

[Jakina denez, ekainaren 8an eta Gure Esku Dago dinamika herrikoiak deiturik Kate Giza bat egingo da Euskal Herrian Durangotik Iruñera. Diasporatik ekimenari babesa emateko, ‘Buenos Airesek ospagai’ ekitaldian ere kate bat egin zen, Gure Esku Dago abestiaren erritmora (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 08

[Katea agertoki nagusian hasi eta Mayo Plazara iritsi zen (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 10

[Euskal Herriko hizkuntzaren presentzia bermatzeko, euskara stand bat muntatu zen Mayo Etorbidean. Euskara Munduan programako Argentina eta Uruguaiko ikasle eta irakasle batzuk arduratu ziren standaz (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 11

[Adin guztietako publikoa hartu zen gogoan jaia antolatzeko. Txikienek ere izan zuten ondo pasatzeko lekurik (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 12

[Izen-abizenen esanahiak, arbasoak nongotarrak, herrien kokapena… Genealogia standeko neskek ez zuten atsedenaldirik izan arratsalde osoan (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 13

[Euskadi-Basque Country-ren standera izen ezaguneko bisitariak bildu ziren. Eguerdi aldera La Oreja de Van Gogh talde donostiarreko kideak bertaratu ziren iragarrita zeuden zozketak burutzeko. Sara Pagola, Aizpea Goenaga eta musikariak eurak lagun, donostiarrek Rosario, Cordoba, Mendoza, Mar del Plata eta Bahia Blancan gauzatuko dituzten kontzertuetarako sarrera bina zozketatu ziren (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 01 14

[Euskal kulturari buruzko hainbat hitzaldi eman ondoren, jai honetan parte hartzera eta Argentinako euskal jatorrizko jendea ezagutzera Larrabetzutik etorritako Toti Martinez de Lezea ere izan zen jaialdian protagonista. Euskadi-Basque Country-ren standean bere irakurleekin bildu, liburuak sinatu eta Euskal Herriko mitologiaz hitz egin zuen idazleak (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 15

[Ekintzak bata bestearen atzetik pasatu ziren tauletan. Euskal musika tresnen txanda Euskaltzaleak-eko Mauro Telletxea eta Iñaki Esquiroz albokariekin hasi zen. Bideoa hemen ikusgai (argazkia EuskalKultura.com)]

2014ko BAC II 18

[Eta Laurak Bat-eko Ixilik Taldearekin jarraitu zuen. Bideoa hemen ikusgai (argazkia EuskalKultura.com)]

Bihar segituko du



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia