euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hainbat berritasun eskainiko ditu ‘Vascos México’ webguneak, sarean daramatzan hamar urteak ospatzeko

2014/06/20

Ezker-eskuin, Jaione Arrieta Galarraga, Ibon Mendibelzua (Jaurlaritzaren delegatua Mexikon), Begoña Jauregui de Ormaechea eta Eduardo Ormaechea, 'Vascos México'k iragan urrian antolatutako ospakizunean (argazkia VascosMexico)
Ezker-eskuin, Jaione Arrieta Galarraga, Ibon Mendibelzua (Jaurlaritzaren delegatua Mexikon), Begoña Jauregui de Ormaechea eta Eduardo Ormaechea, 'Vascos México'k iragan urrian antolatutako ospakizunean (argazkia VascosMexico)

PUBLIZITATEA

Heldu den uztailaren 7an vascosmexico.com webguneak lehen hamarkada ospatuko du. Jaione Arrieta Galarraga da webgunearen sortzailea eta hasieratik bertan lan egin duen bakarra. 2.000 lagun inguruk bisitatu ohi dute ataria informatuta egoteko: “Jende askok Euskal Etxea naizela uste du”, esan dio Arrietak Euskalkultura.com-i. Uztailean itxura berria agertuko du webguneak, iragarri du.

Querétaro, Mexiko. “Uztailaren 7an ospatuko ditu hamar urte webguneak eta, sistema berria erabiltzen hastearekin batera, azal berria eta galeria berria erakutsi nahiko nituzke. Astindutxo bat eman nahi diot atariari”, esan digu Arrietak. Oro har, “pozik” agertu da webgunearen atzean emandako hamar urte hauekin nahiz eta ez den erraza izan: “Bakarrik egiten dut behar eta ez da erraza, dirulaguntzarik jasotzen ez dudalako, baina poztasun asko eman dizkit webguneak. Espero ez nuen bezala hazi da”, emendatu du.

Arrietak esanda, jendea lotsatu egiten omen da webgunean parte hartu behar badu [VascosMexico foroak, webgunearen aurrekariak, hamar urte bete zituen joan den urrian] eta, horregatik, mezu pribatu asko jasotzen ditu. “Beren arbasoez edo abizenez jakin nahi duten lagunek idazten didate. Jende askok Euskal Etxea naizela uste du”, dio barre artean. “Gizarte zerbitzua nabil eskaintzen”.

Euskal Etxea bazkideentzat da, gainontzeko Euskal Etxeak legez; eta Euskal Ordezkaritzak enpresa ikuspegia du, gehienbat. Horien bien artean dago ‘Vascos México’, jendea informatzen saiatzen. “Mundu osoko bisitak jasotzen ditut: Mexiko, Argentina, AEB…”. 

Baina AEBetan bisitariak bakarrik ez, laguntza paregabea ere badauka: José Castillo. Beragatik ez balitz webguneak ezingo luke sarean jarraitu zerbitzaria eskaintzen baitio, doan. “Ikaragarri eskertzen diot (José Castillori) egiten duena”.

Berandu baino lehen balio historiko handia izango duen 19.000 argazkiz osatutako artxiboa dauka Arrietaren webguneak. Aurki, agian, hau guztia ospatzeko jai bat egingo du jatorri eibartardun webmasterrak, orain bizitoki duen Querétaro-n. 

“Ez dakit oraindik afaririk antolatuko dudan, urrian bertan Nazioarteko Mus Txapelketa Cancún-en gauzatuko baita eta agian larregi delako”. Edozelan ere, sareko nabigatzaileek Vascosmexico.com-en bisaia berriaz gozatu ahalko dute, urte askotarako izateko ilusioarekin. “Inork erreleboa hartuko didanik ez dut buruan, proiektu pertsonala baita hau. Honetan lanean jarraituko dut ahal dudan bitartean”, bukatu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia