euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HABEko teknikari Kinku Zinkunegi AEB eta Kanadako irakasleekin bilduko da, Mexiko eta Kubakoekin bildu ostean

2016/06/24

Euskara irakasleen barnetegia Boisen, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren baitan (argazkia HABE)
Euskara irakasleen barnetegia Boisen, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren baitan (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

HABEko teknikari Kinku Zinkunegi Amerikako zenbait euskal etxeei bisita egiten ari da egunotan, Euskara Munduan programako ikastaroen jarraipena egiteko. Kuban eta Mexikon izan ostean, asteburuan San Frantziskon izango da eta bertan AEB eta Kanadako euskara irakasleen bileran parte hartuko du.

San Frantzisko, AEB. Euskara Munduan programako ikastaroen jarraipena eginez, AEBetan izango da Kinku Zinkunegi teknikaria asteburu honetan, herrialde honetako eta Kanadako euskal etxeetako euskara irakasleen bileran parte hartzeko. Topaketa San Frantziskoko Basque Cultural Center-en egingo da, bihar eta etzi, eta Zinkunegik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, helburua da irakasleek euren jardunean topatzen dituzten zailtasun eta beharrei erantzuna ematea. "Irakasleek proposatu dituzten gaiak ugariak dira: kanten erabilera euskara ikasteko, nola motibatu ikaslea, nola bultzatu ikasleak hitz egitera...", azaldu du teknikariak.

Bestalde, igande arratsaldean NABOren Euskara Batzordea bilduko da San Frantziskoko BCC-n. Bilera honen xedea, azken urteotako balorazioa egin eta hurrengo lau urteetarako lan lerroak zehaztea izango da.

Kuba eta Mexikon

AEBetara joan aurretik, Kuban eta Mexikon izan da Zinkunegi. Karibeko uhartean izan zen lehendabizi, Kubako Euskal Etxearen euskara ikastaroaren jarraipena egiteko. Bertan orain bi urte sinatu zen HABE eta euskal etxearen arteko lankidetza hitzarmena, eta poliki-poliki sendotzen ari da jarduera. Ikasturte honetan 20 bat ikasle hasi ziren ikastaroan, eta arduradunen esanetan goraka doa ikasle kopurua. "Datorren ikasturteari begira, bi maila eskaintzeko asmoa dute, hasi berriak eta orain arte ibilitakoekin maila altuagokoa", adierazi du Zikunegik. Kubako euskara irakaslea Maider Varela da.

Hurrena, Mexikon izan zen Zikunegi, euskal etxeko zuzendaritza berriarekin biltzeko. Lorea Palacios presidente berriak ekainaren 22an egin zen zuzendaritzaren ohiko bnileran parte hartzera gonbidatu zuen HABEko teknikaria, egungo egoera azaltzeko eta aurrera begirako elkarlana adosteko.

Mexikoko euskal etxeak urteak daramatza euskera ikastaroak eskaintzen. Aurteko ikasturtean 25 ikasle aritu dira bertan, eta datorrenari begira, talde bat gehiago osatzeko asmotan dabiltza. "Nahiko konplikatua da ikasleak erakartzea; hiri itzela da eta oso zaila aurrez-aurreko eskoletara astean behin joatea. Aurrera begira, beste eredu batzuk aztertu behar dira; onlineko eskaintza, batez ere. Irakaslea Gurutzne Etxeberria da, aspaldian Mexikon dagoen amezketarra eta irakasle aparta".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia