euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HABEk Madrilen eta Bartzelonan egingo ditu aurten euskal etxeetako euskara ikasleen azterketak

2011/03/30

Bartzelonako Euskal Etxean badakite euskara klaseak nola 'saldu'! (argazkia BartzelonaEE)
Bartzelonako Euskal Etxean badakite euskara klaseak nola 'saldu'! (argazkia BartzelonaEE)

PUBLIZITATEA

Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak egiaztatzeko gaitasun-proben deialdi berezia egin du aurten HABEk eta espainiar estatuko euskal elkarteetako ikasleak Madrilera eta Bartzelonara deitu ditu azterketa egiteko. 1go, 2. eta 3. mailako azterketak egingo dira eta orotara 40 bat ikasle aurkeztuko dira. Bartzelonako azterketa idatzia maiatzaren 14ean izango da eta Madrilgoa maiatzaren 21ean. "Euskal Herrian egiten diren azterketak bezalakoak izango dira, eskakizun berdinekin, eta gainditzen dituztenak Euskal Herriko euskaltegietan ari diren ikasleen maila bera egiaztatuko dute", azaldu dio EuskalKultura.com-i HABEko Kinku Zinkunegik.

Vitoria-Gasteiz. Espainiar estatuko euskal etxeetako euskara ikasleek maila egiaztatzeko erraztasun gehiago izango dituzte aurten, HABEk azterketak Madrilen eta Bartzelonan egitea erabaki baitu. Asteleheneko EHAAn argitaratu da deialdia. Horrela, Mallorcako Euskal Etxeko euskara ikasle batek, adibidez, Bartzelonan egin ahal izango du azterketa, eta ez du Euskal Herriraino etorri behar izango.

Egiaztatze-frogetan izena emateko epea apirilaren 8tik 14ra bitartean egongo da irekita. Deialdiaren datuen arabera, Bartzelonako azterketa idatzia eta ahozkoa maiatzaren 14ean egingo dira. Madrilen idatzia maiatzaren 21ean izango da eta ahozkoa ordea ekainaren 16 eta 17an. "Azterketak Euskal Herrian egiten direnak bezalakoak izango dira, eta zuzenketa ere berdina izango da. Azterketa gainditzen duenak Euskal Herriko edozein ikasleri eskatzen zain maila bera egiaztatu duelako gaindituko du", azaldu du Zinkunegik. Deialdiaren informazio osoa, hemen.

Madrilen eta Bartzelonan egingo dira aurten egiaztatze-frogak, bertan dagoelako, edo bertara bildu daitekeelako, maila eskura dezakeen ikasle multzorik handiena. Datorren urterako Argentinan ere azterketak egitea hausnartzen ari da HABE. 

Metodologia ikastaroa Madrilen

Bestalde, iragan martxoaren 24ean HABEk metodologia ikastaroa egin zuen Madrilen eta espainiar estatuko euskal etxeetako irakasleak bildu ziren bertara. "Oso pozik gaude ikastaroarekin, izan ere aurten Bordeleko irakasleek ere parte hartu dute bertan", azpimarratu du Zinkunegik. Ikastaroaren balioespen baikorra dela eta, datorren urtean deialdia Europako euskal etxeetako irakasleei ere zabaltzea pentsatzen ari da HABE.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia