euskal diaspora eta kultura
2012/10/22
PUBLIZITATEA
Paris, Frantzia. Joan den asteburuan, urriaren 19 eta 20an, ospatu zen Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleen topaketa Parisen. Topaketaren helburua, 2012/13 ikasturtearen atarian, euskararen eskaintza ahalik eta bateratuena egitea zela agertu dute HABEko iturriek.
Horrez gain, irakasleei oinarrizko irizpide batzuk helarazi zitzaizkien eta Madril, Bartzelona eta Pariseko Euskal Etxeetako ordezkariek euskal etxe horietan nola kudeatzen duten euskararen irakaskuntza aurkeztu zieten besteei.
"Hiru Euskal Etxe horiek aukeratzeko arrazoiak bi izan dira, batetik, ikasle kopuru altuenak dituztela eta, bestetik, tradizio luzea dutela euskararen irakaskuntzan. Hainbat arlotan eredugarri izan daitezke besteentzat; batzuk, nahiko txikiak dira eta irakasle bakarra dute, horrek suposatzen duen zailtasunarekin", agertu du Kinku Zinkunegi HABEko teknikariak.
Ikasturte hasieran
Topaketa hauek Madrilgo eta Bartzelonako euskal etxeetako irakasleek eskatuta sortu ziren, eta ondoren espainiar estatuko irakasleak eta Europakoak ere hasi dira parte hartzen. Orain arteko topaketak udaberrian egiten ziren baina, Bartzelonan egin zuten azken bilkuran, Europako irakasleen aho batez egokiago eritzi zioten udazkenean egiteari.
"Europako irakasle taldea maila jasoa duen taldea da, baina oso aldakorra izaten da zenbaitetan. Horrexegatik erabaki genuen udazkenean egitea topaketa, irakasle berri horiei askoz ere lagungarriago gertatuko zaielako ikasturte hasieran bukaeran baino”, agertu du Zinkunegik.
Pariseko bilkura aurten egiten den bigarrena da, eta orain arteko bidaiak irakasleen euskal etxeek ordaintzen bazituzten ere, Pariseko gastuak HABEk hartu ditu bere gain, euskal etxeei gastu bikoitza ez eragiteagatik. Horrelaxe agindu zien Bartzelonako bilkuran irakasleei Iñaki Uribe HABEren zuzendari nagusiak eta irakasle taldeak benetan eskertu du.
Beharrezkotzat
Irakasle taldeak bilkuraren balioespen oso baikorra egin zuen. "Denek beharrezkotzat jotzen dituzte topaketak, trebakuntzan aurrera egitez gain, eskarmentu trukaketarako gune egokia direlako eta oso egokiak irakasleek, batez ere berriek edota beren euskal etxeetan bakarrak direnek, talde zabalago baten parte direla sentitzeko, beren lanean nozitzen duten bakardade sentsazioa arinduz", agertu du topaketan parte hartu zuen Zinkunegik.
“Topaketak sendotzen ari dira eta hori aurrera pauso nabarmena da irakasleen trebakuntzan eta haien harremanak sendotzeko. Guzti honek irakaskuntzaren kalitatean eragiten du zuzen zuzenean", azaldu du Zinkunegik. HABEKo teknikariak biziki eskertu du topaketaren antolakuntzan Sustraiak elkarteak eskaini duen laguntza: "Dituzten baliabideak gure esku jarri dituzte bi egun horietan eta haiengandik jaso dugun laguntza ezinbestekoa izan da topaketaren arrakastarako”.
Hurrengo topaketa Bordelen egitea proposatu da, 2013ko urriaren 18 eta 19an, Bordeleko Euskaldunen Biltzarrak euskal etxearen lankidetzarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus