euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HABEk eta FIVUk euskara irakasleen trebakuntza programari ekingo diote Uruguaiko lau euskal etxetan

2008/01/31

Kinku Zinkunegi Montevideon eginiko aurkezpenean
Kinku Zinkunegi Montevideon eginiko aurkezpenean

PUBLIZITATEA

FIVUk (Euskal Uruguaitar Erakundeen Federazioa) HABEko Euskara Munduan programako koordinatzailea hartu du aste honetan Montevideon. Jose Francisco 'Kinku' Zinkunegik aurten lau euskal etxetan hasiko den euskara irakasleen trebakuntza programa azaldu du eta euskal etxeek kurtsoa nola bideratu eztabaidatu dute. Bileran Saltoko Euskaldunen Taldea (Saltoko Euskal Etxea); eta FIVUn federatutako beste hiru euskal etxe izan ziren: Rosarioko Gure Etxea, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta Montevideoko Haize Hegoa.
Zinkunegik irakasleak trebatzeko programaren nondik-norakoak azaldu ditu, euskal etxeetako zuzendaritza batzordeko kideek eta ikastaroan parte hartuko duten euskara ikasleek osatutako entzulegoaren aurrean. Ikastaroak internet bidezko ikasketa izango du oinarri, HABEko teknikariek Euskal Herritik koordinatuta. Urtean zehar ikasitakoa praktikatu eta finkatzeko, urtean bitan (urtarrilean eta uztailean) bi barnetegi egingo dituzte. Ikasleek lau urtez engaiamendu handia hartu beharko dute, baina epe horren ostean euren euskal etxeetan euskara klaseak emateko gai izango dira.

'Programan parte hartzen duten euskal etxeek ere parte-hartze dinamikoa izan beharko dute lau urte hauetan, euren babesa eta laguntza eskainiz ikasleei', aipatzen du Haize Hegoako lehendakaria den Enrique Poittevinek. Aurreko esperientzietan oinarrituta, Zinkunegik lehenengo irakasleak eskolak 2009rako ematen hasi ahalko direla aurreratu du.

[Goiko irudian Zinkunegiren aurkezpenean bildu zen entzulegoa]

Programa honen bitartez Uruguaiko zenbait tokitako euskal etxeek euren irakasle propioak trebatu ahal izango dituzte eta, pentsa litekeenez, irakasle hauek euskal etxean hasiko dira lanean, bertako bazkideei euskara ikasteko aukera emanez. Dagoeneko euskara klaseak dituzten euskal etxeen kasuan, berriz, euren eskaintza zabaldu ahal izango dute.

'HABEk Uruguaiko euskal etxeei ematen dien laguntzak, gure arbasoen hizkuntza zabaltzeko gogoak berak eta dagoeneko horretan ari diren euskal etxeen esperientzia aberasgarriak gai honekiko interes handia sortu du euskal komunitatean eta dagoeneko 10 ikaslek hartu dute aurtengo kurtsoan pate hartzeko erronka', azaltzen du Poittevinek. 'Horrek itxaropena ematen digu eta gutxi barru Uruguaien euskara ikasi nahi dutenek horretarako irakasle aldeko arazorik ez dutela izango espero dugu', amaitu du Haize Hegoako lehendakariak.


Lotura interesgarriak

Udako barnetegia La Platan, HABEk eta FEVAk antolatuta
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 28an

III Eusko Jaia, FIVUk antolatuta Carmelon, Uruguaien
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia