euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Habanan Joseba Sarrionandiarekin: “Ohera zaitez liburu on batekin…” (aurrez aurreko elkarrizketa)

2018/04/26

Joseba Sarrionandiaren "Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako" liburutik ateratako irudia. Ez da Sarri bere irudien zale
Joseba Sarrionandiaren "Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako" liburutik ateratako irudia. Ez da Sarri bere irudien zale

PUBLIZITATEA

Buenos Airesen EuskalKultura.com-eko erredakzio taldeko kide den Sabrina Otegik aukera izan du Joseba Sarrionandiarekin solasteko Habanan. Poeta, idazle eta entsegugile, azken hamarkadetan Euskal Herriak literatur eta kultur alorrean eman duen egile nagusienetako bat da Sarrionandia. Otegi, Argentinako Diasporan jaiotako euskalduna berau, bere ekarria euskal kulturari hiriburu argentinarretik egiten dion pertsona da, eta solaskide izan du --aldeak alde-- ekarria euskal kulturari Diasporatik baita ere, Kubako hiriburutik, egiten dion Sarrionandia. Euskal Herria eta bere diaspora izan dute hizpide. [Idazle bizkaitarrari eskerrak gurekin solasteagatik, jakin badakigu-eta ez dituela sobera maite elkarrizketak komunikabideekin]

Sabrina Otegi/Habana, Kuba. Urteak daramatza Joseba Sarrionandia Uribelarreak (Iurreta, Bizkaia, 1958) Kubako hiriburuan; iazko hasieratik Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean sustatzen duen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzako irakasle titularra da. EuskalKultura.com-ekin izan duen solasean, 2011ko Euskadi Literatura saridunak Habanan euskara irakastea nola den kontatu digu eta gogoeta egin du diasporaren rolaz euskal kulturaren baitan. Horrekin batera, irakurtzearen aldeko aldarrikapen bat ere egin du, proposamen interesgarri batekin: “Ohera zaitez liburu on batekin…” Esaldiaren azkena... elkarrizketaren azkenean. Umorerik gabe ez gara ezer.

-Euskara eta euskal kultura eskola emaile bilakatu zara Habanako Unibertsitatean.

Bai, iaztik aurrera Linguistika karrerako bigarren eta hirugarren urteko bi talde ari dira euskara eta euskal kultura ikasten Habanako Unibertsitatean.

-Zer nolako ikasleak dituzu?

Hemeretzitik hogeita bat urte arteko gazteak, izaera apur bat tropikalekoak, argiak eta alaiak, eta euskal kulturarekiko erlazio berezirik gabeak; hasi aurretik ez zekiten ezer mundu horri buruz eta agian horrexegatik interesatu dira, ezagutu ahala, gauza ustekabekoak aurkitu dituztelako.

-Kubak bertako historian barrena doan euskal aztarna nabaria du. Nolakoa da, baina, gaur, bertako bere euskal gizataldea?

Euskaldun asko etorri zen Kubara historian zehar eta ematen du etxe bakoitzeko hoberena etortzen zela, egiten zutenagatik... Euskaldunen multzoa nahiko seinalatua izan zen hemeretzigarren mendean eta baita independentziaren ondoko Errepublikan ere. Baina Iraultzaren ostean elkartasun sareak aldatu egin ziren eta harrezkero euskaldunak ez dira sekula ondo antolatu. Enpresarioak, ezkonduak, errefuxiatuak, kasualitatez bertara jausiak, euskaldun asko dago hemen, baina ez dute elkartzeko gunerik izan luzaroan… Ez dizkizut euskaldunen auto-antolakuntza arazoak esplikatuko, Kongresu mundial bat konbokatu beharko zenuke apur bat argitzeko, hamaika egin izan dira eta ez da asko aurreratu.

-Gero eta gehiago aipatzen den errealitatea omen da euskal diaspora.

Habanan eta Haize Onetan (Buenos Airesen), zu eta biok Euskal Herriko parte gara, Mauleko edo Durangoko euskaldun asko baino gehiago. Nazioa poltsikoan daramatela uste dute euskaldun batzuek, finlandiarrak balira bezala. Baina Mauleko euskaldun asko Frantzian bizi dira, ez euskal kulturan; eta durangar gehienak ere Espainian bizi dira bete-betean, El Correo edo Telecincorekin, botoa alderdi abertzaleenari emanda ere.

Zer da nazio bat? Nire ustez, nazioa batez ere komunikazio espazio bat da. Eta euskaldunok kolonizazio kultural zabal baten azpian gabiltza, Euskal Herrian bertan okerren. Jendeak norgehiagoka politikoari ematen dio garrantzia eta gainerako guztia normaltzat hartzen du, baina ustezko normalitate hori anormalitate kronikoa da guretzat. Nire ustez, euskal herritarrek apenas dugu euskal naziorik: komunikazio espazio euskaldun hori oso ahula da botere mediatiko erabat absorbenteko espazio espainolaren eta frantsesaren aldean.

-Barkatu, Haize Onetan esan duzu?

Bai, hori da Bonifazio Latxak zeure hiriburuari [Buenos Airesi] eman zion izena: “Kalerik kale ibili nintzen Haize Onetako hurian…” Latxa Ubidean jaiotako organista bat zen. 1904an heldu zen Buenos Airesera, lau edo bost urtetan hiltzeko petxuko minez.

-Zer egin dezake Diasporak euskara eta euskal kulturaren alde?

Euskal Herritik urrun bizi garenok hangoek bezainbeste egin dezakegu euskararen eta euskal herritartasun imajinarioaren alde, gaur eguneko komunikagarritasunak distantzia geografikoak eta muga administratibo eta estatalak gainditzen baititu.

Euskaldunek baditugu, nire ustez, historian egin gabe utzi ditugun zeregin larri batzuk. Zer esaten zuen Hegelek? Historiatik kanpora geratutako herria ginela, bretoiak, poloniarrak edo irlandarrak bezala. Völkerruinen deitzen zien Engelsek gurea bezalako herriei: herri-hondakina, herri-erruina, herri-ume ezin hazia. Unamunok ere uste zuen, Spencerren dizipulua zen horretan, euskaldungoa herri atzeratu moduan kondenatuta zegoela disolbitzera Espainia eta Frantziako nazio kultu eta boteretsuetan.

Historiara euskaldun moduan itzultzea erabaki zuten euskaldun askok aspaldian. Baina, herri-errestaurazio hori zaila da; zatiturik eta lekuz kanpo bezala gabiltza, ez gara geure burua nazio-estatu moduan antolatzeko gauza. Baina ezta komunikazio espazio moduan ere, adostasun minimo batzuk ere ez ditugu lortu. Orain berrehun urteko herri-umea nerabezaroan bezala dugu, bere buruaren osotasuna haintzat hartzeko gauza ez dela, eskasiaz beterik eta dena egiteke.

Euskara batua ere, atzeratuta, ez genuen hogeigarren mendearen amaiera arte adostu. Herri proiektu bat asmatu beharko genuke 21. mendearen hasieran, gaur egungo kontestuan, herri heldu bati dagokiona. Ez diot independentzia proklamatu behar dugunik, baizik herri oinarri batzuk finkatu behar ditugula, ohikoa dugun politikeria alde batera utzi eta euskaldun moduan ditugun arazo, zeozelan esateko prepolitikoak, soluzionatzeko, bere bizitzarekin zer egin erabakitzen duen nerabeak bezala.

-Euskaraz ari gara Habanan. Neu argentinarra, zeu Kuban bizi zarena. Sekula pentsatuko zenuen 21. mendean euskaldun berriak sortuko zirela eta euskara eskolak hartzeko interesa egongo zela Australiatik Argentinara, Kubatik Japoniara?

Euskaldun zaharren erresistentzia naturala da; berriena, ustekabe polita. Baliteke euskarak eta euskal munduak zerbait interesgarria izatea munduari eskaintzeko aniztasunaren zentzuan.

Hizkuntza txiki mendikoak Historia deitzen den ibai handiaren korrontearen kontra zihoazela sinestarazi ziguten, egalité kontsigna errepublikanoa herritarren eskubide berdintasuna adieraztetik kultura batek besteen gainean ezarritako uniformetasuna justifikatzera pasatu zenean. Jendea konturatzen da boterez edo nagusikeriaz ezarritako estatu mundial kultura uniformeduna ez litzatekeela bizileku zoriontsua.

Askatasuna eta berdintasuna aniztasunarekin lotu behar dira eta, nire ustez, elkartasuna ere bestea onartzearen ondorioa izaten da.

-Gure buletin hau euskal diaspora osoan banatzen da. Mezuren bat bidali nahi munduko euskaldunei? Edo munduan euskara ikasten ari direnei?

Editoreen sorospenerako izango da, baina liburuena erreibindikatu beharreko kausa galdua denez, kartel hau ipini dezakezu?: “Ohera zaitez liburu on batekin edo, behintzat, liburu on bat irakurri duen batekin”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia