euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Habanako euskaldunek aurreneko San Fermin Eguna ospatu zuten, tradizio berria sortzeko asmoz

2013/07/16

Kubako euskaldunak San Fermin eguneko ospkizunean zapi gorriak erakusten (argazkia Goitia)
Kubako euskaldunak San Fermin eguneko ospkizunean zapi gorriak erakusten (argazkia Goitia)

PUBLIZITATEA

Aurtengoa lehenengo aldia izan du Kubako Sanfermin Egunak, eta bertan izan zen giroa ikusita, antolatzaileak zalantzarik ez dute datozen urteetan jarraipena izango duen jaia sortu dutela. Izan ere, horixe da Kubako Euskal Etxeak ekitaldia antolatu zuenean gogoan zuen helburua: irla honetan euskal jai eta ospakizunak egiteko ohitura berpiztea. Halatan, festa ederra izan zen Habanan bizi izan zena: Sanfermin tropikala. Giro bikaina izan zuen festak eta, bertan izan zirenen esanetan, faltan bota zuten gauza bakarra zezenak izan omen ziren.

Maider Varela/Habana, Kuba. Estreinakoz antolatu dute aurten Habanan San Fermin Eguna eta jendeak ezin hobe erantzun duela adierazi dute antolatzaileek. Eguerdiko ordu bietan eman zitzaion hasiera Habanan Sanfermin Egunaren ospakizun jaiari, Kubako Euskal Etxeak antolaturik. Ekitaldia Cacahual memorialean egin zen, Habana inguruan dagoen baserri batean.

Renato Garcia Eguskizak, Asociación Vasco Navarra Elkarteko lehendakariak, abiatu zuen jaia, ongi etorri hitz batzuekin. Berak azaldu zuenez, ekitaldi hau tradizio berria sortzeko asmoarekin antolatu zuten irlako euskaldunek eta "gerora begira ere, euskal kultura eta historia berreskuratzeko eta zabaltzeko lanetan jarraitu nahi du Elkarteak", esan zuen.

Ekitaldiak herri bazkari batekin jarraitu zuen eta arratsaldean Ray Fernandez trobadoreak kontzertua eman zuen. Ondoren, kantu eta umore giroa gailendu zen. Zapi gorria banatu zitzaien partehartzaile guztiei eta seiak aldera San Fermini kantatuz eman zioten bukaera festari.

Ekitaldia euskal etxeak finantziatu zuen, baina horrez gain Kuban dauden euskal enpresarien laguntza ere izan zuten antolatzaileek. Berrogeita hamar bat lagun bertaratu ziren, elkarteko bazkide eta Kuban bizilekua duten euskaldunen artean.

Kubakoa etxerik gabeko Euskal Etxea da, eta horrek jarduerak antolatzeko orduan gauzak zaildu egiten dituenez, bazkideen ustez egoitza baten beharra ukaezina da. Alta, aurrera begira baikorrak dira euskal etxeko bazkideak eta hasiak dira jadanik etxe bila.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia