euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia prest dago Mexiko DFko Euskal Etxean larunbatean hasiko diren Mendeurrenaren ospakizunei ekiteko

2007/03/06

Donostiako Txistulari Banda Mexikon izango da
Donostiako Txistulari Banda Mexikon izango da

PUBLIZITATEA

Guztia prest da Mexiko DFko Euskal Etxean martxoaren 10etik 18ra garatuko den Euskal Etxearen Mendeurren ospakizun programaren hasierarako. Aurretik iragarritako bilera, plaka desestaltze eta Kontzertuari, martxoaren 16an Donostiako Txistulari bandarekin antolatutako elkarretaratzea eta igandean egingo den kalejira gehituko zaizkio. Bisita ofizialak, kontaktuak eta industria alorreko egitaraua ere izango ditu Ibarretxek. Ordezkaritza artistikoari buruz, 'Euskal Herri osoko piezak joko ditugu, txistuarekin zenbat gauza egin daitezkeen erakusteko', adierazi dio EuskalKultura.com-i Jose Ignazio Ansorena txistulari banda donostiarraren zuzendariak.
EuskalKultura.com-ek aurretik argitaratutakoaren arabera, datorren larunbatean Ibarretxe lehendakariak Euskal Etxea bisitatuko du eta estalkia kenduko dio Mendeurrenaren oroigarrizko plakari (ikus hemen lehendakariaren bidaiaren egitaraua). Asteartean, martxoak 14, Txistu Kontzertu handia egingo da Mexikoko Kontserbatorio Nazionalean, Donostiako Txistulari Bandaren eskutik, Kukai Konpainiako dantzariak lagundurik eta Euskal Etxeko koruak eta Colegio de las Vizcaínasekoak ere parte hartuko dutela. Bi data horiekin batera, martxoaren 16an, ostirala, anaitasun afaria egingo da txistulariekin Euskal Etxean, eta igandean --martxoak 18-- hiriburuan Gernikako Arbolaren kimua dagoen tokitik aterako den kalejira, musika eta dantzarekin Euskal Etxerainoko ibilbidea egingo da.

'Guretzako Diasporarekin dugun lehen kontaktua izango da hau', azaltzen du Jose Ignazio Ansorena, txistulari banda donostiarreko zuzendaria eta txistulari ospetsua. 'Kontzertu hau egiteko aukera Jose Manuel Ugarteren bidez sortu zen. Bera Euskal Etxeko kidea da eta txistularia gainera, eta betidanik herrikideei txistuarekin egin daitekeena erakusteko nahia izan du'. Hori da hain zuzen ere taldeak Mexikoko Kontserbatorioan eskainiko duen kontzertuaren helburua eta horretarako programa erakargarri eta berezia prestatu dugu, Kukaiko dantzariak eta Mexikoko bi koruek lagunduta.

Bidai musikala Euskal Herrian zehar

Kontzertu honetako errepertorioak ibilbidea egingo du euskal herrialdeetako musika aniztasunean barrena, tradizio bakoitzean txistuarentzako eginiko lanak erakutsiz. Obra klasikoak eta konposizio berriak ere joko dira, horien artean Ansorena beraren lanak. 'Neuk idatzitako Le Basque-Le Biscayenne piezarekin hasiko gara; bertan euskaldunak kanpotik nola ikusten gaituzten adierazi nahi izan dut. Ondoren Gorbea inguruan hartza nola ehizatzen zuten kontatzen duen pieza joko dugu, hartzaz mozorroturiko dantzari eta guzti. Beste pieza batzuk Bizkaiko Sagar-dantza eta Xiberuko Maskaradako dantzak izango dira, beste askoren artean', aurreratzen du Ansorenak. [Ezkerreko irudian Donostiako Txistulari Taldea]

Kontzertuan marinbaren protagonismoa duten euskal pieza batzuk ere entzun ahal izango dira, omenaldi modukoa eginez mexikar musikan hain erabilia den instrumentu horri. Kontzertuaren bigarren partean Euskal Etxeko korua eta Colegio de las Vizcaínaseko koruak hartuko dute parte, euren ahotsak txistularien lanari gehituz. 'Eta seguruenik mexikar abestiren bat jotzen ere bukatuko dugu, entzulegoa kantuan eta dantzan ere jarri nahi baitugu', abisatzen du Ansorenak. Musika, dantza eta kantuari eskainitako gau paregabea izango da, txistularien umore ona eta jai giroa ekitaldi guztietara zabalduko delarik.


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico zerrenda eta foroa
www.vascosmexico.com

Donostiako Txistulari Taldea
En www.donostia.org

Mexikoko Euskal Etxeak Txistu Kontzertu egingo du Mendeurrenean
EuskalKultura.com-em argitaratua 2007ko otsailaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia