euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia prest dago Chino herrian, Kalifornian, ostiralean 2008ko NABO Biltzarra eta Euskal Jaia abiatzeko

2008/08/27

Chinoko Klikaren artxiboko argazkia (arg. EuskalKultura.com)
Chinoko Klikaren artxiboko argazkia (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Euskal klika Ameriketan' bilkura-omenaldia; Euskal Herria, Mexiko eta AEBetako pilotarien arteko partidak; Noka taldearen emanaldia; Besta Berri meza, kabalkada eta ikuskizuna; Estatu Batuetako eta Euskal Herriko musikariak; AEBetako hainbat lekuetako dantza talde, lagun eta bisitariak... Hauek dira heldu den asteburuan Kaliforniako Chinon eginen den 2008 NABO Biltzarra eta Euskal Jaiaren osagaietako batzuk. 40 urte beteko ditu aurten Chinoko urteroko euskal piknik edo bestak, eta bertako Euskal Etxeak bere ahalegin handiena ezarri du elkarretaratzea egiazki ederra izan dadin.

Chino, Estatu Batuak. Ostiralean, Chinon bertan, Aphessetchetarren trinketean egingo diren pilota partidekin abiatuko dira ekitaldiak. Euskal Herria, Mexiko eta Estatu Batuetako zenbait tokietatik etorritako pilotariak arituko dira, arratsaldeko lauretatik aurrera. Zazpietan (7etatik 10ak arte) hitzordua Euskal Etxearen egoitzan, kantina zabalik, ogitarteko eta edariekin. Filme bat erakutsiko da, euskarazko jatorrizko bertsioan, ingeles azpitituluekin: Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendarien 'Aupa Etxebeste' (2005), komedia bat, asteburuari umore onez ekiteko.

Larunbatean, berriz, NABOk bere urteko Biltzarra egingo du, goizeko zortzietatik aurrera Chinoko ospakizun-eremuan (Fairgrounds). Arratsaldeko bi orenetan, Aphessetche trinketean, pilota partidei eutsiko zaie, lauetan finalei ekiteko, Mexikotik eta Euskal Herri Iparraldetik gonbidatuta etorritako pilotarien artean.

Omenaldia AEBetako klikei

Seietan, higidura Chinoko Ospakizun-eremura (Fairgrounds) itzuliko da, afari-omenaldi berezi bat gauzatzeko. Kantu eta musikaren hitzordua izango da. Omenaldia, Estatu Batuetan azkeneko hamarkadetan aritu diren euskal kliketako kideei --klika, Iparraldean eta Frantzian oso zabaldua egon den banda edo fanfarre modukoa da, gehienbat metalezko tresnez osatua-- egingo zaie: San Francisco, Bakersfield eta Chinoko klikei. Horretarako bertaratuko dira, kliketako egungo eta lehenagoko kideez gain, hiru euskal etxe kaliforniar horietako presidenteak, NABOko lehendakariarekin batera, ohorezko plaka jasotzeko. Klikei buruzko bideo bat ere erakutsiko da, Bakersfield-eko Pierre Ygoa diseinatzaile eta artistak eginikoa. Chino bertako Noka taldea ere arituko da emanaldian. Dantzaldi batek burutuko du gaua.

[Larunbat gau-arratsaldeko honetarako sarrerak, asko izanik, mugatuak dira. Menuak, izokia eta 'Axoa' haragia izango du, 25 dolar helduentzat, 10 hamabi urtetik beheragokoentzat. Erreserbak egiteko, aski da Candida Echeverriari deitzea 909.465.6200 zenbakira edo e-maila bidaltzea, zenbat jende den eta izenak adieraziz,  hona]

Besta Berri, dantzak, berbena...

Igandean, ekitaldiak Fairgrounds-etan segituko dute. Ohi bezala euskal mezak zabalduko du jardunaldia, aita Martxel Tillous-en eskutik. Ez da edonolako meza izango, Beste Berri gauzatuko duena baizik, musikariek, dantzariek, bertsolariek eta kantariek edertua. Eguerdi aldean bertako eta kanpoko dantza taldeen erakustaldiak etorriko dira, Chinoko haur eta gaztetxoenekin hasita. Ordu batean barbakoa motako bazkaria hasiko da.

Hiruretan, ostera, emanaldi handiaren txanda heldu da, Estatu Batuetako klikekin eta AEBetako gainerako tokietako dantza talde bisitariekin. Seietan afaria, barbakoa ardikiarekin, edo nahi duenak lukainka ogitartekoak. Zazpietan, bala edo dantza publikoa, Euskal Herritik etorritako Joxeanjel Etxeberriaren talde nafar-baxenafartarraren eskutik. Tartean, egunean zehar tiketak saldutako zozketak gauzatuko dira. Ordu batak aldera bulatuko da bala edo berbena.

Astelehenean, azkenik --kontuan hartu behar da Estatu Batuetan jai eguna dela, Labor Day baita-- ohiko Brunch edo hamaiketakoa (bazkari gisa balio duen otordua) izango da, musikaz eta giro onak lagunduta, Chinoko 'Centro Basco' euskal jatetxean. Honen ondotik, arratsaldeko lauak inguru hasita, pilota partidak, jatetxeko pilotalekuan.

Lotura interesgarriak

Chinoko Euskal Etxea
www.chinobasqueclub.us

Biltzarreko egitaraua Chinoko Euskal Etxearen webgunean
www.chinobasqueclub.us/Pages/picnic.htm

NABOren webgunea
www.nabasque.org

San Frantziskoko Klika (pdf)
Klika horren 40. urteurrenean (1964-2004)

Aupa Etxebeste filma
www.aupaetxebeste.com

Noka taldea
www.chinoka.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia