euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia prest da Sunbillan harrera egiteko heldu den igandean Artzain ohi Amerikanoen 2010eko bilkurari

2010/09/17

Sunbillako artzain ohi elkarretaratzeko antolatzaileak aurkezpen prentsaurrekoan: ezker-eskuin, Jose Mari Arretxea, Fermin Zelaieta, Francisco Errandonea (Sunbillako alkatea) eta Jesus Mari Jorajuria (argazkia DiariodeNoticias)
Sunbillako artzain ohi elkarretaratzeko antolatzaileak aurkezpen prentsaurrekoan: ezker-eskuin, Jose Mari Arretxea, Fermin Zelaieta, Francisco Errandonea (Sunbillako alkatea) eta Jesus Mari Jorajuria (argazkia DiariodeNoticias)

PUBLIZITATEA

Guztia prest da eta Sunbilla, Nafarroan, 'Amerikano'en biltoki bilakatuko da datorren igandean. Goizeko hamarretatik hasita, Estatu Batuetan artzain ibili eta ondoren itzultzea erabaki eta geroztik Euskal Herrian bizi diren artzain ohiek euren urteroko festa egingo dute Bortzirietako herri honetan. Lekukoa hartuko die honela Sunbillak azkeneko urteetan Lesaka, Aldude-Gernika, Elizondo eta Auritzen eguniko elkarretaratzeei. 700 txartel saldu dira bazkarirako.

Sunbilla, Nafarroa. Datorren igandea, irailaren 18a, Artzain Amerikanoen Festa izango da Sunbillan. Goizeko hamarretatik hasita, ehundaka jende bilduko dira, guztiak Estatu Batuetako euskal esperientziari lotuak, eta esperientzia horren eta AEBetako euskal historiaren oinarrian dagoen artzain lanari lotuak: Izan ere, XIX. mende hondarretik hona Estatu Batuetako mendebaldera joandako euskaldunen ia kopuru osoa artzain izateko joan baita eta lanbide horretan eman baititu bederen bere bizitza amerikarreko lehenengo urteak. Batzuk, joan, laketu eta bertan gelditu ziren, euskal etxeak sortuz eta euskal ostatu eta etxeetara bilduz, gaur egungo AEBetako euskal komunitatea sortuz; eta beste batzuk, urte batzuen buruan Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, Ameriketako eskarmentuak markatuta. Azken hauek eta euren familiako batzuk dira heldu den asteburuan Sunbillan bilduko direnak.

Ekitaldiak goizeko hamarretan hasiko dira, harrera-ekitaldi eta zintzur-bustitzearekin, trikitilariak eta hamarretakoa lagun. Hamaiketan meza, bertsolariekin eta koralarekin. Eguerdian euskal dantzak eta Lizaso eta Egaña bertsolarien lana. Segidan, ekitaldia Udaletxean, omenaldi txiki batekin, eta Ameriketako artzain denboran ohikoa zen tragu bat, highball-a hartzeko parada. Bazkarirako 700 txartel saldu dira eta bazkaldu bitartean sariketak, musika, bertsolariak eta kantuak izango dira, baita sorpresa batzuk ere.

Azken urteotan herrian bertan egin eta libururatutako ikerketen arabera, azken mende honetan 313 sunbildar koanak dira Ameriketara, gaur egun 600 biztable pasexe dauzkan herri batean.

Artzain ohiak 2006an bildu ziren lehenik honelako elkarretaratze handi batean, Lesakan. Geroztik urtero egin izan da bilkura hau, Aldude-Gernika (2007), Elizondo (2008) eta iaz Auritzen. Aurtengoa eta gero ez dago argi ekimen honek segidarik izango ote duen heldu den urtean. Maila apalagoko artzain-ohi elkarretaratzeak egiten dira urtero, hala nola Baigorrin urriko lehenengo igandean (aurtengo deia egina du dagoeneko Henri Oçafrain bankarrak urriaren 3rako) edota Sunbillan bertan, baina herri mailakoa, urtero maiatzaren lehenean.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia