New England Basque Club euskal etxearen apustu handia da eta bolondres talde bat, elkarteko lehendakari Juan Mari Aramendi buru, gogor eta etengabe aritu da lanean azken hilabeteotan bihar arratsaldean modu informalean hasi, eta ofizialki larunbatean egun osoan izango den euskal festa berri hau erabateko arrakasta izan dadin. Ez da jateko, edateko eta musika eta girorik faltako. EHko sagardoa, ardoa, gastronomia, musika, kantu eta dantzak osagai izango dira. Eta kabalkada, herri kirolak...eta gehiago.
New London, AEB. Euskal elkarte antolatzailean lan itzela egin dute guztia prestatu eta Estatu Batuko hainbat estatutatik bertaratuko diren bisitariak abegikor errezibitzeko.
Bisitariak ezezik, euskal artista eta sukaldariak ere herrialde osotik etorriko dira. Dantzari eta musikarietan Kaliforniako San Frantziskoko Zazpiak Bat taldekoak izango dira partaide, baita Chinoko Gauden Bat taldekoak ere, eta Nevadatik, Ardi Baltza taldea ere bertan izango da.
Gastronomia arloan, pintxoak, bateko eta besteko anoak, paellak eta euskal sagardo eta ardoa ez dira faltako. Pintxoak, New Yorkeko Amona Events eta Mikel De Luis-en eskutik zerbitzatuko dira (gildak, antxoa ozpinean, brotxetak, gazta, itsaskiak...); Txistorra, baita paellak ere, Floridako (Palm Beach eta Miami) Paella Grill (Luis Elu) eta Paella Party (Boni Guenetxea) enpresen eskutik. Eta New Yorkeko Eder Montero eta Alex Raij-en Txikito jatetxea ere bertaratuko da, prestatzeko besteak beste, Kantauriko hegaluzea eskabetxean, 'Pintxo Tutera' eta 'bakailaoa ajoarriero'.
Herri kiroletan erakutsiko dira harri jasotzea (stone lifting), aizkolaritza (wood chopping), lokotx biltzea (corn cob racing), txingak (weight carrying) eta sokatira (tug-of-war), NEBC bertako kirol taldearen eskutik.
Eta Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko lagunak euren treineruarekin jaitsiko dira, euskal arraunaren eta euskaldunen itsas herri kirolen lekukotasuna emateko.
Ez ahaztu txartelak online eros daitezkeela, hemen.
EGITARAUA
Ekainaren 22a, ostirala
5pm, Pintxo-Potea. Biltzeko gunea: Thames River Greenery.
Ekainaren 23a, larunbata
- 11:00etan, Desfilea Udaletxetik Nathen Hale School-eraino, partaideen artean daudela trikitilariak, txistulariak, dantzariak, herri kirolariak... baita ere instituzioetako ordezkariak, hala nola New London-eko alkatea eta bertako agintari eta ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat, Euskal Etxeko lehendakaria, NABOko ordezkariak... Ondoren, banderak igotzea eta ereserkiak. Ohorezko aurreskua
- 12:00etan, Euskal herri kirol erakustaldia, euskal dantza eta euskal musikariak, emanaldi tartekatuak. Traineru desfilea kirolari eta musikariekin Itsas Museora (Maritime Museum). Ohorezko aurreskua itsas gizon-emakumeei eta 25km-ko arraunaldia kostan. Dantzari eta musikariak plazara itzuliko dira euren emanaldiekin jarraitzeko, baita herri kirolariak ere.
- 15:00etan, Bazkaria
- 17:00etan, Mus Txapelketa
- 17:00etan, Euskal musika
- 19:00etan, Zozketa (euskal produktuen 20 otar)
- 20:00etan, Itxiera zeremonia
-New England Basque Club-en Webgunea: http://nebasque.org
-Facebook: https://www.facebook.com/NewEnglandBasqueClub