euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gutxik baina munduko zenbait euskal etxek ekingo diete aste honetan Santa Ageda ospatzeko koru eta tradizioei

2020/02/03

Boiseko (AEB) Santa Agedako koruak gaur iluntzean bilduko dira hiriburu idahotarreko Basque Block-en
Boiseko (AEB) Santa Agedako koruak gaur iluntzean bilduko dira hiriburu idahotarreko Basque Block-en

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Gutxienez lau dira munduan aste honetan Santa Ageda edo Agate Deuna ospatuko duten euskal etxeak, esan nahi baita Madrilgo Euskal Etxean, Bruselakoan, Valentziako Euskal Etxean eta Boisekoan. Guztietan, ohiko koplak kantatuko dituzte eta hiruetan bira edo itzulia egingo dute herriko kale eta plazetan barrena, Valentzian ekitaldia egoitza barruan egingo delarik, afari bat eta kantu gehiago lagun.

(seguruenik izango da beste euskal etxerik Santa Ageda ospatzen duena; zeurean ere batera edo bestera ospatzen baduzue, idatzi mesedez info@euskalkultura.com-era),

Gogora dezagun Euskal Herriko eskualde batzuetako tradizioa dela otsailaren 5eko bezperan Santa Agera, Agata Donea, Santa eskea edo izen gehiago hartzen dituen festa eta ospakizun hau egitea, etxerik etxe, makila handi bat eskuetan, gau hortako aire berezia kantaturik: "Zorion, etxe hontako denoi, oles egitera gatoz, aterik ate ohitura zaharra, aurten berritzeko asmoz..." "Santa Ageda bezpera degu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko, aukeratua deguna".

Santa Ageda Diasporan

Goiztiarrenak ospatzen Boisekoak izango dira, egun bat aurrerau eta gaur bertan kantatuko baitute, hiriko Basque Block-en barrena, Euskal Museo eta Kultur Etxea abiapuntu, bertan euskara klaseak bukatzen direlarik. Makilak eskuetan, azkeneko pare bat entsegu egin eta abiatuko dira kalera, inguruko tabernetan sartu, Euskal Etxera, Leku Ona jatetxera..., antolatzaileetakoa den Todor Azurtza euskara irakasle donostiarrak baieztatu digunez.

Santa Ageda bezperan --berez Euskal Herrian ere egingo den egunean-- Valentziako Laurak Bat-ekoek eta Madrilgo Euskal Etxekoek ospatuko dute. Valentziakoak 7:30etan bilduko dira eta kantuari azken ikutuak eman ondoren, koplak kantatuko dituzte, ondoren afari-askaria partekatzeko, hor ere euskal ohiko kantuak protagonista, baieztatu digu Euskal Etxean euskara irakaslea den German Eiguren lekeitiarrak; asteartean bertan, Madrilen, kantariak kalera aterako dira, ibilbide oso bat eginez Madril erdigunean (ikus ibilbidea hemen), eta partaideen artean Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatzako kideak dituztela.

Bruselako ospakizuna larunbatean egingo dute, Euskal Etxearen egoitzan eta kaleetan --eguraldiak laguntzen badu bederen-- jardunaldia Txoko batekin bukatzeko elkartearen egoitzan, kantu giro onean; hemen ere BEEko Txalaparta abesbatzako partaideak ere taldeko partaide eta lagun. Azkenik, eta Bruselakoak baino egun bat lehenago, ostiralean, Madrilgo Euskal Etxekoak berriz bildu eta Santa Ageda bazkaria egingo dute, menu tradizionalarekin (babarrun edo indabak 'sakramentu' guztiekin), Euskal Etxeko lehendakaria bera, Karmen Turrillas, arduratuko dela sukaldeaz. Azken honetarako izena emateko azken eguna, asteartea.

"Guraso zaharren legean pozik, goaz danok kantatzera, Santa Agedak ekarri gaitu, berorren etxe aurrera".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia